Lurraldeko ekonomiaren deskarbonizazio plana aurkeztuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren asteazkenean. Naturklimaren egoitzan egingo da jardunaldia goizeko 9etan, eta hainbat gai jorratuko dituzte bertan. Besteak beste, berotegi efektuko gas isurien bilakaera xehatuko da, eta hauek murrizteko lurraldeko enpresei babesa emango zaie.
Enpresen deskarbonizazioa sustatzeko aholkularitza ere eskainiko da. Horretarako, deskarbonizazio maila neurtzen duen autodiagnostiko erreminta aurkeztuko da. Era berean, sektore bakoitzeko deskarbonizazio plana eta 2024ko laguntzen plana aurkeztuko du aldundiak.
Jardunaldira hainbat sektoretako erakundeak gonbidatuko ditu foru erakundeak. Besteak beste, bertan izango dira Clusterpapel EAEko papergintza klusterra, Ascongi, Basque Food Cluster, Elkargi, Adegi, Gipuzkoako Bazkundea edota Dendartean. Halaber, GK recycling birziklatze klusterreko 113 bazkideak bertan izatea ere aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak.