Gipuzkoako basoen inguruko ezagutza gutxi dute herritarrek. Horixe da 2025eko abendua eta 2026ko urtarrila bitartean 355 gipuzkoarrei eginiko inkesta batek aditzera ematen duena. Zehazki, inkestatuen %86,5ek esan du ez duela ezagutzen egoera, edo oso gutxi ezagutzen duela.
Inkesta hori Basotik Behatokiak eginiko lehen lanetako bat da. Egitasmoa gaur aurkeztu dute Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak eta Jon Ander Ostolaza BSTK Basotik Fundazioaren zuzendari nagusiak. "Gizartearen pultsua ezagutzea funtsezkoa da komunikazioa eta pedagogia zuzen bideratzeko, eta baso-jabeen esperientzia zuzena jasotzea ezinbestekoa da konfiantza sendotzeko eta zerbitzua etengabe hobetzeko”, esan du Ostolazak aurkezpenean.
Hain zuzen ere, bi helburu horiei erantzuteko inkesta banarekin hasi du behatokiak bere ibilbidea. Lehen paragrafoan aipatutakoa izan da bi horietako bat. Horren testuinguruan, basoen zaintzari buruzko galdera ere egin zaie herritarrei, alegia, ea basoak zainduta dauden edo ez. Eta hor pertzepzio aniztasuna azaleratu da: modu globalean hartuta, %41k dio basoak ondo zainduta daudela, %26 kontrakoa eta %33k ez daki; aitzitik, landa eremuan bizi direnei soilik galdetuta, %64ren esanetan basoak ez daude ondo zainduta. Aipatzekoa da inkestatuen %66k lotzen duela zaintza basoen kudeaketa egokia egitearekin. Kudeaketa horren baitan, zaintza eta kudeaketa planifikatu eta jasangarria bateragarritzat jotzen ditu gehiengoak: %92,6ren ustez basoa zaindu eta egurra modu planifikatuan atera daiteke; %80,5en iritziz erauzketa jasangarria izan daiteke; %83,5en ikuspegitik, jasangarritasuna bermatuz gero, Gipuzkoako egurra lehenestea egokia da.
Gizarte galdeketa horretan, Basotik Fundazioaren egitekoei buruz ere galdetu zaie herritarrei, eta %88,4k esan du fundazioa ez zutel ezagutzen, behin azalduta haren lana beharrezkotzat jo badu ere %93k. Bigarren inkestan ere, baso-jabeei zuzendutakoan, Basotiken egitekoei buruz ere erantzun dute 102 pertsonek. Kasu honetan, den-denak fundazioarekin bat egin duten familiak edo baso-jabeak dira, eta %99 pozik agertu da Basotikekin sinatu izanarekin.
Kasu horretan, 50 eta 80 urte bitarteko baso-jabeak dira gehienak, eta %85k herentzian jaso dute. %32,8k bat egin du fundazioarekin adinagatik, %27,4k denbora faltagatik eta %20,1ek zailtasun praktikoak dituelako egunerokotasunean basozaintza eta kudeaketa gauzatzeko. Fundaziotik espero dutena da kudeaketa profesionala (%43k), balio ekologikoa indartzea (%37,4) eta informazioa eta laguntza (%12,2).
Basotik Behatokiaren proiektua fundazioak bultzatu duen BasoHubaren parte da. Espazio horretan, BSTIK Basotikek bilatzen du Gipuzkoako eraldaketa jasangarriaren oinarri bilakatzea basoak, zientzia, berrikuntza, kultura, gizarte-partaidetza eta ekonomia zirkularra lotzen dituen polo gisa. Hub horren baitan behatoki bat izateak ahalbidetzen du basoari loturiko beharrak, esperientziak eta pertzepzioak neurtu eta ezagutzea, erakundeen lana hobetu eta komunikazioa.