• JASANGARRITASUNA
  • Gizarte- eta kultur-egitasmoentzako laguntzak eskatzeko epea zabalduko du bihar Kutxa Fundazioak

Gizarte- eta kultur-egitasmoentzako laguntzak eskatzeko epea zabalduko du bihar Kutxa Fundazioak

Irabazi asmorik gabeko entitateek eskatu ahalko dituzte 2026an Gipuzkoan garatuko dituzten ekimenetarako

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2025eko urriaren 27a - 15:25

Kutxa Fundazioak iragarri du bihartik, urriaren 28tik, aurrera eskatu ahalko direla 2026an gizarte- eta kultur-egitasmoak garatzeko laguntzak, irabazi asmorik gabekoentzakoak. Zehazki, Gipuzkoan garatzen diren proiektuentzako izango dira, bertan bizi diren pertsonak izanik horren hartzaile, eta betiere Garapen Jasangarriko Helburuetako zenbait esparruri eranzuten badiote.

 

Horren baitan, honako esparruei loturiko proiektuak lehenetsiko dira: pobrezia, gizarteratzea eta bizikidetza, pertsona zaurgarrienei lagundu asmoz; gizarte ongizatea eta autonomia pertsonala; zahartze aktiboa; herritartasun kritikoa; genero berdintasuna eta feminismoa; haur eta gazteen babesa; kulturaren sustapena; jasangarritasun eta klima aldaketaren kontrako borroka; eta euskara —ikuspegi integratzailetik—. 

Onuradunek proiektuaren aurrekontuaren %75 bitarte jaso ahalko dute, banakako proiektuetarako 20.000 euroko langarekin, eta 50.000 eurokoa lankidetzan garatzen direnetarako. 

 

Aztarna Ekosoziala izeneko lerroaren baitan kokatzen da laguntza. Deialdiaren oinarriak eskuragarri daude harrezkero Kutxa Fundazioaren webgunean. Eskaerak web-orri horretatik bertatik egin beharko dira. Aurkezteko azken eguna azaroaren 5a da. Zehazki, egun horretako 14:00ak arte jasoko dira eskakizunak.