Hidrogenozko 200 autobus inguru egingo ditu Solarisek

150 milioi euroko kontratua sinatu du CAFen filialak. Europako hainbat hirietarako ekoiztuko ditu ibilgailuak

Argazkia: CAF Argazkia: CAF

Ibilgailu berritzaileak ekoizten dituen CAFen Solaris filialak 200 bat autobus egingo ditu Italiako Bologna eta Venezia eta Alemaniako Kolonia hirietarako. Kontratua 150 milioi eurokoa izango da, eta zenbatekoa areagotu daiteke kontratuan enkargua handitzeko aukera dago eta.

CAFek jakinarazi duenez, Solarisek ia hamar urte daramatza teknologia honetako ibilgailuak merkaturatzen, eta 2022an %60ko merkatu kuota izan du, Europako fabrikatzaile liderra bilakatuz.

TPERek, Bologna hiriko garraio publikoko erakunde arduradunak Solaris aukeratu du 127 autobus egiteko. Gainera, kontratuan, beste 140 autobus egiteko aukera jaso da. 2024rako lehenbiziko 34 autobus hirian zehar martxan izatea espero da, gainerakoak, aldiz, 2025 eta 2026rako egongo dira prest.

Venezian Solarisek hidrogeno bidezko 90 autobus hornituko ditu Azienda Veneziana della Mobilita garraio enpresarentzat, eta 2025erako martxan izatea aurreikusten dute. Kolonian, berriz, 18 metroko 18 autobus egingo ditu RVK enpresarentzat. Alemaniako hirian 2021az geroztik, Solarisen 15 autobus dituzte, eta beste 20 antzeko ibilgailu ere ailegatu berri dira. RVKk CAFeko filialari egiten dion hirugarren eskaria da hortaz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK