• JASANGARRITASUNA
  • Hirietako zirkulazioa, airearen kalitatea eta zarata neurtzeko Handia-Plan egitasmoa aurrera doa

Hirietako zirkulazioa, airearen kalitatea eta zarata neurtzeko Handia-Plan egitasmoa aurrera doa

Lehen proba pilotua egin dute Barakaldon. Emaitzek aukera eman dute ikusteko zer harreman dagoen mugikortasunaren eta udalerriko errepide-ardatz nagusietako ingurumen-adierazleen artean

Funtsezko tresna izan daiteke emisio baxuko eremuak ezarri behar dituzten udalerrietarako | Argazkia: iStock
Funtsezko tresna izan daiteke emisio baxuko eremuak ezarri behar dituzten udalerrietarako | Argazkia: iStock
2025eko azaroaren 13a - 11:31

Europar Batasunak %55 murriztu nahi ditu kutsadurak eragindako heriotzak 2030erako. Egun, urtean 200.000 pertsona hiltzen dira arrazoi horren ondorioz, eta Europako biztanleriaren %30ek baino gehiagok garraioak eragindako zarata-maila handiak jasaten dituzte.

 

Kutsadura atmosferikoa eta akustikoa dira mundu mailako erronka handienetako batzuk, eta horri aurre egiteko Handia-Plan proiektua abiarazi zuten hainbat erakundek, tartean direlarik AAC Akustika Aplikatuko Zentroa, Leber Planificación e Ingeniería eta Sercontrol Ambiental enpresak eta Aclima klusterra.

Handia-Planaren bidez, “hiriko laborategi birtual” bat egin nahi dute. Adimen artifiziala eta modelizazio aurreratua erabiliko dira mugikortasun-agertoki desberdinak simulatzeko —adibidez, zirkulazio-murrizketak eta noranzko aldaketak— eta airearen kalitatean eta zaratan izango duten eragina aurreikusteko. Funtsezko tresna izan daiteke emisio baxuko eremuak ezarri behar dituzten udalerrietarako.

 

“Proiektuari esker, emisio baxuko eremu baten edo errepide-berrantolaketa baten emaitzak aurresan ahal izango dituzte hiriek, zenbait hilabetez neurtzeko zain egon gabe. Paradigma-aldaketa bat da: kudeaketa erreaktibo batetik datuetan oinarritutako planifikazio proaktibo batera igaro gara”, azaldu dute Aclimatik.

Planaren lehen proba pilotua egin dute Barakaldon: sentsore finko eta mugikorrak instalatu dituzte udalerriko hamar puntutan baino gehiagotan, eta, horri esker, zirkulazioari, airearen kalitateari eta inguruneko zaratari buruzko datuak jaso dira modu integratuan eta denbora errealean. Proiektuaren lehen emaitzek aukera eman dute ikusteko zer harreman dagoen mugikortasunaren eta udalerriko errepide-ardatz nagusietako ingurumen-adierazleen artean.

Alba Delgado Barakaldoko Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturala arloko zinegotziak zera adierazi du: “Hiri-mugikortasuna optimizatzeko aukera emango diguten tresnak eta datuak ekarriko dizkigu ekimenak eta, horri esker, Barakaldo jasangarriagoa eta osasungarriagoa izatea lortuko dugu”.