Italian trantsizio energetikoa sustatzeko hitzarmen berria sinatu da. Izan ere, planta fotovoltaiko berria eraikiko da Siziliako Enna eta Catania probintzietan. Proiektu hori Europako Inbertsio Bankuaren (EIB) eta Iberdrolaren 100 milioi euroko mailegu batekin finantzatuko da, eta SACEk bermatuko du. Adierazi dutenez, 2025ean jarriko da martxan, eta urtean 154.000 etxeren kontsumoa estaltzeko adina energia sortuko du.
Instalazioa punta-puntako teknologiaz hornituta egongo dela esan du Iberdrolak, baita urtean 400 GWh-ko ekoizpen ahalmena izango duela ere. Proiektuaren helburuak dira, alde batetik, jasangarritasun energetikoa sustatzea, eta bestetik, Europak erregai fosilekiko duen mendekotasuna murriztea. Gainera, proiektuak enplegua sortzea eta tokiko garapen ekonomikoa bultzatzea espero da.
Valerio Faccenta Iberdrola Italiako kontseilari delegatuak azaldu duenez, maileguari esker "trantsizio energetikoa sustatzen jarraituko dute Italian"; Alessandra Ricci SACEko ordezkariak gaineratu du proiektuak "eraginkortasuna eta lehiakortasuna bultzatuko dituela" Sizilian, "lanpostu berriak sortuta".
Akordioa EIBren, SACEren eta Iberdrolaren arteko lehen lankidetza da, baina etorkizunean antzeko ekimenak egiten saiatuko direla ziurtatu dute, Europar Batasunaren helburu klimatikoekin bat eginda.