Igor Villareal izendatu dute Mubil Fundazioko zuzendari

Proiektua hedatzeko une erabakiorrean sartuko da, fase operatiboan jartzeko erronka izango baitu

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Igor Villareal izango da Mubil Fundazioko zuzendari berria. Mugikortasun adimenduna eta jasangarria sustatzeko fundazioa da Mubil, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatuta. Villarreal proiektua hedatzeko une erabakiorrean sartuko da, proiektua fase operatiboan jartzeko erronka izango baitu, besteak beste.

Kimika zientzietan lizentziatua, Polimeroen Zientzia eta Teknologian Masterra du. Ikerlanen hasi zuen bere ibilbide profesionala ikertzaile gisa eta SOFC proiektuaren arduradun izendatu zuten 2006an. 2010ean Sorkuntzako Sistema Alternatiboen Arloko arduradun izendatu zuten, eta kargu horretan jarraitu zuen 2016. urtera arte, Energia Biltegiratu eta Kudeatzeko Arloko arduradun izendatu zuten arte.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiarekin eta Ane Insausti Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatuarekin bildu da gaur Villareal. Insaustiren hitzetan, “jauzi kualitatibo bat egin ahal izango dugu mugikortasun iraunkor eta adimentsuaren arloan aktore garrantzitsu bat bezala kokatzeko. Igorren profila guztiz egokia da erronka horri berme guztiekin ekiteko”. Hala, Insaustiren lekukoa hartuko du Villarealek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK