
2024. urteko Berotegi-efektuko gas (BEG) isurien inbentarioaren aurrerapena aurkeztu du gaur Ihobek, urtero egiten duen estatistika-eragiketa baita. Emaitzek adierazten dute EAE “neutraltasun klimatikoa lortzeko bidean” dagoela, 15,8 milioi tona CO2 jaulki baititu, hau da, 2005. urtean baino %38 gutxiago eta iaz baino %1 gutxiago. “Bilakaera positibo” gisa definitu dute emaitza, hazkunde ekonomikoa eman den bitartean izan baita jaitsiera (2005. urtetik %30 handitu da BPGa).
2023. urtearen aldean, emisioak nabarmen jaitsi dira energiaren sektorean (%5), baina baita industria sektorean (%9) eta hondakin sektorean ere (%5). Haatik, isurketak handitu egin dira beste zenbait sektoretan: %6 garraioan, %4 bizitegi sektoreko isurketetan , %1 zerbitzuetan eta %3 nekazaritzan. Hala ere, isurketak murriztu egin dira ia kasu guztietan 2005. urteko datuarekin alderatuz gero: -%57 hondakinen sektorean, -%56 energiarenean, -%51 nekazaritzan, -%50 industrian, -%41 zerbitzuetan eta -%34 bizitegi sektoreko isurketetan.
Salbuespen bakarra garraioaren sektorekoa da: sektoreko emisioak %15 handitu dira; are gehiago, EAEko guztizko isurketen ia erdia (%41) garraioaren sektoreari zor zaio. Gehien bat, “errepide bidezko garraioan erregai fosilak erabiltzearen ondorio” dira emisioak
Bestalde, 2,6 milioi tona CO2ko xurgapen garbia izan zen 2023. urtean Lurraren erabilera, Erabilera aldaketa eta Basogintza sektorean (UTCUTS), “EAEko klima-estrategian hustubide naturalek duten zeregina indartuta”.
Hala, isuriak %30 murriztuta, Ihobek jakinarazi du EAEk 2021-2024 aldirako Energia-trantsiziorako eta Klima-aldaketarako Planean ezarritako helburuak bete dituela.