Energia sektorean jasangarritasuna eta digitalizazioa sustatzeko akordioa sinatu du Ikerlanek

Capital Energy enpresa espainiarrarekin arituko da elkarlanean konponbide teknologikoak garatuz. Alice eta IA4BAT proiektuak abian dira jada

Argazkia: Europa Press Argazkia: Europa Press

Ikerlan zentro teknologikoak eta Capital Energy konpainia espainiarrak energia sektorean digitalizazioa eta jasangarritasuna indartzeko kolaborazio akordioa izenpetu dute gaur Arrasaten, Ikerlanen egoitza nagusian. Elkarlan honen bitartez, “konponbide berritzaileak garatu nahi dituzte, sektoreak egun dituen erronkei aurre egiteko”.

Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendari nagusiak eta Victor Gimeno Capital Energyren digitalizazio eta jasangarritasun arloko zuzendari nagusiak sinatu dute akordioa. Hala, sektoreak dituen erronka nagusien artean, energia eskaera gorakorra, baliabide mugatuak eta negutegi efektua sortzen duten gas isurien murrizketa nabarmendu dituzte.

Era berean, elkarlan honi esker, bi aldeen ezagutza, baliabide eta gaitasunak batu nahi direla adierazi dute, “teknologia digital berrien egokitzea bizkortzeko eta sektorean energia berriztagarrien txertatzea sustatzeko, etorkizun jasangarriago, eraginkorrago eta iraunkorrago bat izateko”.

Gaur-gaurkoz, Alice eta IA4BAT proiektuetan ari dira lanean Ikerlan eta Capital Energy. Adimen artifiziala eta datu analisien uztarketa oinarri dituen teknologia garatuz, energia berriztagarria biltegiratzeko konponbideak bilatzen ari dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK