Industria berriztagarria birziklatzeko planta sortu nahi du RenerCycle enpresa nafarrak

10 milioi euroko inbertsioarekin, 50 lanpostu berri sortuko lituzke

Proiektuaren nondik norakoak azaltzeko egindako bilera | Argazkia: Nafarroako Gobernua Proiektuaren nondik norakoak azaltzeko egindako bilera | Argazkia: Nafarroako Gobernua

RenerCycle enpresa nafarrak industria berriztagarriko osagaiak birziklatzeko eta berregokitzeko planta sortu nahi du Nafarroan. 10 milioi euroko inbertsioa eginda, 50 lanpostu berri sortuko liratekeela azaldu du. Jarduera ekonomiko berria litzateke, Euskal Herrian eta Espainia mailan ere ez baitago halako enpresarik.

RenerCycle konpainiak sustatutako proiektuak, 17 konpainia ditu bazkide, eta horietatik 11 nafarrak dira. 

Proiektuaren nondik norakoak azaltzeko bilera egin dute goizean, eta bertan izan dira RenerCycle konpainiako arduradunez gain, bazkide diren enpresetako kideak ere, eta baita Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea ere. Bilera horretan presidenteak nabarmendu nahi izan du proiektu horrek Nafarroako lidergoa finkatzen duela berriztagarrien sektorean, ekonomia zirkularraren adibide ezin hobea izanik; izan ere, haize-industriaren osagaiak berregokitzeko eta birziklatzeko proposamenak haize-sorgailuen bizi-zikloa ixtea ahalbidetuko du, I+G barne, baliabide naturalen eta energiaren erabilerarekin fabrikazio-prozesu eraginkorrak lortzeko.

Parke eoliko eta fotovoltaikoetan jardutea eta bateriak biltegiratzea

RenerCyclek 2023an proiektua martxan jartzea aurreikusten du, eta hiru negozio-lerro jarriko lituzke abian: aerosorgailuen osagai nagusien industria-desegitea eta -berregokitzea; lehengai jakin batzuk berreskuratzea, hala nola altzairuak eta urtuak; eta beira-zuntzez eta erretxina ez-berrerabilgarriz osatutako materialak birziklatzea.

Helburua, betiere, parke eolikoak eraisteko prozesuan hondakinik ez sortzea da, enpresaren arabera, 2030erako 50.000 turbina inguruk beren bizitza baliagarriaren zikloa amaitzea espero baita Europa mailan. Hala, asmoa, beren zerbitzuak zirkulartasun-soluzioak eskatzen dituzten beste eremu batzuetara zabaltzea litzateke, hala nola fotovoltaikora edo baterien bidezko biltegiratzera.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK