Isuri gutxiko eremua jarri da martxan Gasteizen

A eranskailua duten ibilgailuak ezingo dira Alde Zaharrean eta beste hainbat kaletan sartu

Lehen hiru hilabeteetan ez da isunik jarriko | Argazkia: Gasteizko Udala
Lehen hiru hilabeteetan ez da isunik jarriko | Argazkia: Gasteizko Udala
2025eko irailaren 15a - 10:44

Gasteiz emisio gutxiko eremuaren lehen fasean sartu berri da gaur. Alde Zaharrean eta beste zenbait kaletan (San Antonio, Prado, Olagibel eta Errege Atea) izango du eragina, non soilik B, C, Eco eta 0 pegatina duten ibilgailuak sartu ahalko diren hemendik aurrera. Lehen fase horrek 2027ko irailera bitartean iraungo du, bigarren faseari ekingo baitzaio une hartan.

 

Bigarren fasean zabaldu egingo da isuri gutxiko eremua, honako kale hauek barne hartuta: Domingo Beltran de Otalora, Andre Maria Zuriaren Koroatzearen kalea eta Remiro Maeztu. Azkenik, hirugarren fasean (2030. urtetik aurrera) B ibilgailuek ere ez dute kale horiek zapaltzerik izango.

Oraingoz behintzat, arau berritik salbuetsita izango dira zenbait ibilgailu: mugikortasun arazoak dituzten pertsonenak, ibilgailu historikoak, garraio publikoa… Gainera, lehen hiru hilabeteetan (abenduaren 15era arte) ez zaio inori isunik jarriko, abisuak soilik bidaliko baitira. Jendea arau berrira egoki dadin utziko da hiru hilabetetako tarte hori; ondoren, 200 eurorainoko isuna jasoko du debekatutako eremura sartzen denak.