• JASANGARRITASUNA
  • Itsas parke eolikoetako egiturak babesteko sistema jasangarria garatuko dute

Itsas parke eolikoetako egiturak babesteko sistema jasangarria garatuko dute

Iberdrolak, Tecnaliak, Galeak eta Mendieta enpresak elkarlanean ari dira proiektua lantzen

Kortxoa erabiliko dute material jasangarri gisa | Argazkia: Tecnalia / Iberdrola
Kortxoa erabiliko dute material jasangarri gisa | Argazkia: Tecnalia / Iberdrola
2025eko abenduaren 9a - 11:05

Itsas parke eolikoen mantentze lanak ez dira errazak izaten: azpiegitura metalikoek ingurumen-baldintza gogorrak jasaten dituzte, eta korrosioari aurre egin behar izaten diote, haize bortitzaren eta ur gaziaren ondorioz. Konponketa eta aldaketa asko egin behar izaten dira turbinen osagaietan, mantentze-kostuak igotzen dira eta eraginkortasuna galtzen da.

 

Hori ikusita, arazoa ekiditeko sistema jasangarri bat garatzen hasiko dira Iberdrola Renovables Energia, Galea eta Mendieta enpresak, Tecnalia zentro teknologikoarekin lankidetzan. Kortxoa izango da protagonista: material naturala, moldakorra, arina, elastikoa eta iragazgaitza da, “oso aproposa estalduretarako, eta lagungarria egitura metalikoetako dilatazio termikoak murrizteko”. Gainera, kortxoa birziklagarria da, alternatiba ekologikoagoa izanik. Hala, babes-sistema duplex bat garatuko dute enpresek, zink metalikoa eta akabera organiko jasangarriak uztartzen dituena, eta proiektuak helburu izango du itsasoko egitura metalikoen bizitza luzatzea.

Iberdrolak eta Tecnaliak gogorarazi dute EAE “ingurune ezin hobea” dela proiektua aurrera eramateko, itsasoko industria eta energia industria “sendoak” direlako eta ehun teknologiko “oso espezializatua” duelako lurraldeak. Probak egiteko portuekiko gertutasunak ere “sistema jasangarri berrien bideragarritasuna bermatzen” duela gaineratu dute.

 

Etorkizunean, landako konpontze-lanetara egokitutako sistema berria ere garatu nahi da proiektu beraren baitan, zeinak Innotec izena duen.