2018ko maiatzean, Irizarrek mugikortasun elektrikoko lantegia inauguratu zuen Adunan, 75 milioi euroko inbertsioa egin ondoren. Autobus elektrikoak eta bestelako ibilgailu industrialak ekoizteko planta hori jasangarritasunaz hitz egiteko abiapuntu ezinhobea da herri baten izena, lantegi bat eta dirua arriskuan jartzen duen erabaki baten aurrean jartzen gaituelako.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Izan ere, jasangarritasuna aipatzen dugunean, erraz joaten zaigu burua txostenetara, ziurtagirietara eta adierazleetara. Eta bai, egia da: enpresa batek zenbat isurtzen duen, zenbat energia kontsumitzen duen edo zer konpromiso hartu dituen jakitea beharrezkoa da. Adunako adibideak, ordea, kudeaketaren ikuspegitik sakonagoak diren galderetara eramaten gaitu: zer ekoitzi nahi dugu datozen urteetan? Zer jakintza beharko dugu horretarako? Nora bideratuko dugu inbertsioa? Horrelakoei erantzuten diegunean hasten da jasangarritasuna enpresaren norabidea baldintzatzen.
Gure inguruan eztabaida horrek badu mamia. Industria kontzeptu abstraktu bat ez den herrialde batean bizi gara eta badakigu horrek zer dakarren gizarte batentzako. Lantokiak, ofizioak, azpikontratazio-harremanak eta herri askoren eguneroko bizimodua dira horren parte. Eta, zergatik ez, izateko modu baten eta errealitatea ulertzeko era konkretu baten parte ere bada. Baditugu adibide erraz batzuk: lantegi batean teknologia aldatzeak langile baten prestakuntzarekin du zerikusia; hornitzailea aldatzeak beste enpresa baten lan-kargarekin; energia gutxiago erabiltzeak kostuekin eta ingurumenarekin. Adibide horiek eta beste askok ulertarazten digute jasangarritasunari buruzko eztabaida paperean uzteak benetan garrantzitsua den horretatik urruntzen gaituela.
Paradoxikoa dirudien arren, enpresa batek gero eta hobeto azal dezake bere eragina, horretan eragiten duten erabakiak apenas aldatu gabe
Hori horrela, aurreratu nahi dizut ez zaudela txostenen aurkako artikulu baten aurrean. Guztiz kontrakoa, horiek gabe ezingo genuke jakin enpresa batek zer egiten duen eta, ondorioz, ezinezkoa izango litzaiguke bere jardueraren erantzukizuna har dezan eskatzea. Azaleratu nahi dudan erronka bestelakoa da, hau da, informazioa ekoizteko ahaleginek informazio horrekin zer egin behar dugun estali dezaketeela. Paradoxikoa dirudien arren, enpresa batek gero eta hobeto azal dezake bere eragina, horretan eragiten duten erabakiak apenas aldatu gabe.
Gizarte-eredu jasangarriagoen eztabaida lantegian ere hasten da
Irizarren mugikortasun elektrikoaren aldeko apustuak industria-proiektu baten bidez hartu zuen forma. Kasu honetan, interesgarria da ikustea ingurumenarekin lotutako erronka bat ekoizpenaren eta inbertsioaren erdigunean kokatzeko gai izan zirela. Hori egiteko ez da nahikoa produktuen katalogoan adjektibo berde bat gehitzea. Beste gaitasun asko garatu behar izateaz gain, urteetan metatutako ezagutza beste behar batzuekin uztartu behar izan dute. Kudeaketa estrategiko eta operatiboaren ikuspuntutik, lantegi batentzat konplexutasun handikoa den ariketa baten aurrean gaudela onartzea besterik ez dugu.
Hari horretatik tira eginez eta hausnarketa euskal errealitatean mantenduz, konplexutasun hori areagotu egiten da enpresa txiki eta ertainez osatutako ehun bat garela ohartzen garenean. Horiek eguneroko eskaerei esku gutxi batzuekin erantzuten dieten bitartean egin behar dute jasangarritasunera aldaketa. Material bat ordezkatzeko probak egin behar badituzte, makinaren denbora, langileen lana eta dirua beharko dute. Horregatik, trantsizioa eskakizun-zerrenda gisa soilik antolatzea motz geratzen da. Eskakizunekin batera, aldaketa egiteko baldintzak ere landu behar dira.
Produktu baten hobekuntza teknikoa eta gizarte baten mugikortasunaren hobekuntza gauza bera ez diren arren, bien arteko lotura egitea ere bada jasangarritasuna kudeatzea
Eta hori guztia eginda ere, ibilbidearen zati bat baino ez genuke eginda izango. Irizarren kasura itzulita, ez litzateke zuzena izango ondorioztatzea autobus elektriko baten produkzioak bere horretan ingurumen-galdera guztiak erantzuten dituela. Beste asko geldituko lirateke oraindik erantzutear. Esaterako, beharrezkoa izango da aztertzea baterien materialak nondik datozen, ibilgailuak zenbat irauten duen edo erabiliko duen elektrizitatea nola sortzen den. Are gehiago, publikoa izan daitekeen garraio batez ari garenez, oinarrizkoagoak diren galderetara ere heldu gintezke: zer zerbitzu emango du autobus horrek? Autoa etxean uzteko aukera errealik eskainiko al dio industrialde batera lanera doanari?
Azken galdera hori enpresaren eskutik kanpo dagoen arren, haren jardueraren zentzuarekin sakon lotuta dago. Ibilgailua fabrikatzen duena, zerbitzua antolatzen duen administrazioa eta erabiltzaileak behar ditugu emaitza ulertzeko. Produktu baten hobekuntza teknikoa eta gizarte baten mugikortasunaren hobekuntza gauza bera ez diren arren, bien arteko lotura egitea ere bada jasangarritasuna kudeatzea. Egia esan, azken konexio hauetan agertzen zaizkigu modu aberatsean ulertu behar diren jasangarritasunaren erronka konplexu, baina aldi berean eraginkorrenak.
Andoainen plastikoa lehengai bihurtzetik ekosistemaren eskaintzara
Adunatik urrutiegi joan gabe topatuko dugu beste adibide adierazgarri bat. Ekorec, Andoaingo Sorabilla industrialdean kokatuta, batez ere elikagaien ontzietarako PET birziklatutik xaflak ekoizten dituen enpresa da. Beraien inguruan dagoen informazio guztitik Naturklimak 2025ean argitaratutako elkarrizketan emandako xehetasun bat egin zitzaidan esanguratsua. Aipatu zuten ikerketa eta garapena eguneroko ekoizpenarekin etengabe lotzen saiatzen direla, sail isolatu batean utzi gabe.
Agerikoa dirudien adierazpen horrek ekonomia zirkularrari buruzko irudi erosoa hausten du. Hondakina lehengai bihurtzea izango litzateke bide laburra; prozesu hori fabrikazioan gauzatzea, ordea, lan luzea. Beste modu argiago batean esanda, materialek ezaugarri egokiak izan behar dituzte, prozesuak funtzionatu egin behar du eta bezeroek emaitzak onartu behar dituzte. Zirkulua modu egokian itxi ahal izateko, norbaitek produktu hori diseinatu, probatu, ekoitzi eta erosi behar du.
Hondakina lehengai bihurtzea izango litzateke bide laburra; prozesu hori fabrikazioan gauzatzea, ordea, lan luzea
Horren ildora, elkarrizketa berean badago arreta merezi duen beste kontu bat. Ekorec-ek inbertitzeko aukeraren eta industria-bideragarritasunaren garrantzia azpimarratzen du. Ingurumenaren aldeko aukera bat teknikoki posible izateak ez du bermatzen merkatuan tokia izango duenik. Erosleak prezioari soilik erreparatzen badio, hornitzaileari eskatutako hobekuntzek ez dute zertan ordainik jaso. Txanponaren beste aldetik begiratuta ere kontua ez da errazagoa; hobekuntza hori egiteko arrisku guztia hornitzaileak hartu behar badu, baliteke saiakerarik ere ez egitea.
Erkorec-ek erakusten duen kudeaketa sentsibilitate hau enpresa ehunean eta beste interes taldeetan zabaltzeak jasangarritasunaren kudeaketa integralago bat ekarriko ligukeela. Mahai gainean izan beharko genituzkeen galdera sortaren adibide batzuk: zein baldintzatan eskatzen diegu enpresei aldatzeko? Eta euskal gizarteko beste eragileei? Nola partekatu behar da berrikuntza jasangarrirako ahalegina? Nork jaso behar ditu bere fruituak eta nork hartu behar du zama bere gain? Zehatzago esanda: zein puntutaraino da koherentea lizitazio publiko batean eskatzea jasangarritasunean aurrera egitea baloraziorako elementurik garrantzitsuena prezioak izaten jarraituko badu?
Ingurumenarekin batera, pertsonak: berriz eredu-aldaketa ate joka
Kooperaren edukiontzi batean arropa uzten dugunean, sarri pentsatzen dugu arropa horrek izango duen hurrengo erabileran. Ez dugu, ordea, hainbeste pentsatzen bildu, sailkatu eta berriro zirkulazioan jartzeko beharrezkoa den lanean. Erakundeak 2025eko jarduerari buruz argitaratutako balantzearen arabera, Euskadin 8.900 tona ehun baino gehiago bildu zituen eta 182 laneratze-lanpostu sortu zituen. Ingurumenaren eta gizartearen ikuspegitik batera begiratzeko moduko emaitzak dira, hau da, naturan inpaktu negatibo bat saihestuz lurraldean sortzen den enplegu motaz ari naiz oraingoan. Hain konkretuki, Kooperak, bere aktibitatearen bitartez, sarritan lana eskuratzeko oztopo handiak dituzten pertsonei enplegu bat ematen die. Hori ez da soilik diru-sarrera baten bermea izango; eguneroko errutinak eta etorkizunerako aukerak ere badaude horren atzean.
Erraza al da oreka hori mantentzea? Bi pilota aldi berean airean eustea? Pentsa dezagun halako zerbitzu bat kontratatu behar duen erakunde batean. Tona bakoitza kudeatzeko prezioa bakarrik alderatuko balu, laneratzeko laguntzaren balioa kanpoan gera liteke. Prezioa garrantzitsua da, noski, baina zer ari garen erosten argitu behar dugu lehenago. Hondakinak kudeatzeko zerbitzua eta gizarteratzeko aukera batera nahi baditugu, biak hartu beharko ditugu kontuan hautatzeko orduan.
Jasangarritasunean aurrera egiteak ez du erabakiak hartzea errazten; kudeaketa zorrotzagoa eta landuagoa eskatzen du, baita oreka zailei eustea ere
Kooperaren adibideak, bestalde, gizarte- eta ekonomia-ereduei buruz pentsatzera garamatza berriz. Oraingoan kontsumoaren aldetik. Berrerabiltzeko eta birziklatzeko gaitasuna handitzea beharrezkoa izanik ere, ez al genuke begiratu behar zergatik baztertzen dugun hainbeste arropa? Jasangarritasunaren kudeaketa hondakina sortu ondoren hasten da, sarri aurretik datozen erabakiak eztabaidatik kanpo utziz: zenbat ekoitzi, zer kalitaterekin eta zenbat denboraz erabiltzeko, adibidez. Berriz, muga hori plastikora edo mugikortasunera ere eraman dezakegu. Birziklatzeak ez du material-kontsumo oro justifikatzen, eta motorra aldatzeak ez ditu mugikortasunaren arazo guztiak konpontzen. Hobetutako prozesuak behar ditugu, baina prozesu horiek zein behar asetzeko eta zein neurritan erabiltzen ditugun ere aztertzea ezinbestekoa da.
Orduan, nork du aldatzeko aukera?
Irizarrek, Ekorec-ek eta Kooperak erakusten digute euskal enpresek kudeatu behar duten edo beharko luketen konplexutasuna. Jasangarritasunean aurrera egiteak ez du erabakiak hartzea errazten; kudeaketa zorrotzagoa eta landuagoa eskatzen du, baita oreka zailei eustea ere. Epe luzeagora begiratu behar da, ziurgabetasun handiagoarekin jardun eta tentsioei aurre egin, jakinik ez dela beti irtenbide ezin hobea aurkituko. Ahalegin horrek, ordea, gaur egungo munduan gero eta funtsezkoagoa den gaitasun bat indartzen du: aldaketei aurrea hartzea, beranduegi denean erreakzionatu beharrean.
Konplexutasun horri aurre egiteko, ordea, enpresa guztiek ez dituzte baliabide eta gaitasun berak. Gure industria-sarea zaintzeak alde horiek aintzat hartzea eskatzen du. Enpresa handiek hornitzaileei zer erosketa-konpromiso eskaintzen dizkieten, finantzaketa zer baldintzatan eskura daitekeen, zer prestakuntza dagoen eta politika publikoak nola bideratzen diren. Horrek guztiak erraztu edo oztopatu dezake aldaketa. Hornitzaile txiki bati eskakizunak areagotzea ez da nahikoa, horiek betetzeko bitartekorik ez badu. Lankidetzak hor behar du mamitu: arriskuak partekatuz, ezagutza zabalduz eta baliabide gutxien dituzten enpresei ere aurrera egiteko bidea erraztuz.
Konplexutasun horri aurre egiteko, ordea, enpresa guztiek ez dituzte baliabide eta gaitasun berak
Enpresaren barruan ere, erantzukizunak eta erabakitzeko ahalmenak bat etorri behar dute. Jasangarritasuneko arduradunari helburuak betetzeko eskatzeak ezer gutxi balio du, inbertsioak eta erosketa-baldintzak erabakitzen diren mahaian lekurik ez badu. Zuzendaritzari dagokio jasangarritasuna enpresaren lehentasunetara eta eguneroko erabakietara eramatea, horrek dakarren ardura bere gain hartuta. Langileen ekarpena ere funtsezkoa da, eta haien parte-hartzeak ezin du proposamenak entzutera mugatu. Eguneroko jarduna gertutik ezagutzen duenak sarritan badaki non xahutzen den materiala, zer konpondu edo berrerabili daitekeen eta zergatik egingo duen huts praktikan paperean egokia zirudien neurri batek.
Bide horretan, hala ere, interesek talka egingo dute, eta hautu zailak egin beharko dira. Hobekuntza batzuek aurrezkia ekarriko dute; beste batzuek, berriz, dirua eta denbora jartzea edo irabazi-marjina txikiagoak onartzea eskatuko dute. Zenbaitetan, jarduera errentagarri bati ere mugak jarri beharko zaizkio. Ahalegin orok berehala etekina ekarriko duela agintzeak ez die laguntzen erabaki horiek hartu behar dituztenei. Lagungarriagoa da aukera bakoitzak zer dakarren argitzea: zer irabaz daitekeen, zeri uko egin beharko zaion eta zer epetan ikusiko diren emaitzak. Eta, horrekin batera, kostuak nork hartuko dituen bere gain zintzotasunez eztabaidatzea.
Hurrengo txostena prestatzean pentsatzen bazaude
Hurrengo jasangarritasun-txostenean, datuekin batera, hartutako erabakien berri gehiago irakurtzea albiste bikaina izango litzateke. Zer inbertsiori eman zaion lehentasuna eta zergatik. Zer aldatu den hornitzaile batekin lan egiteko moduan. Zer zailtasun agertu diren langileak prestatzean. Eta zer helburu ezin izan den bete. Horrek aukera emango liguke emaitzak ulertzeko eta konpromisoei jarraipena egiteko.
Jasangarritasunak erabakiak oraindik hartzeko dauden momentuan du lekua
Hein batean, gure enpresen etorkizunaz hitz egitean, gure gizartearen etorkizunaz ere ari gara. Horrek eskatzen du elkarrekin eztabaidatzea nolako lanpostuak nahi ditugun, zer ezagutza gorde eta garatu behar dugun eta zer ingurumen-baldintzatan bizi nahi dugun. Jasangarritasunak erabakiak oraindik hartzeko dauden momentuan du lekua. Adunako inbertsioa, Andoaingo materialak eta Kooperaren lan-aukerak txostenetan jaso daitezke, eta jaso behar dira. Jasangarritasunak, ordea, enpresen kudeaketa estrategikoan eta eguneroko jardunean hartu behar du gorputza, txostenetan kontatzen dugunak benetako aldaketen berri eman dezan. Gako nagusiak dira gaur zer aldatzeko prest gauden zehaztea, aldaketa hori elkarrekin nola egingo dugun argitzea eta hausnarketa hori erabaki zehatzen bidez gauzatzea.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta