Jasangarritasuna, zibersegurtasuna eta talentua, industriaren erronka teknologikoak

Industriaren etorkizunari buruzko hausnarketa egin dute Kutxabank, Ziur, Ibermática eta IBMko ordezkariek Women in Industry hitzaldi zikloan

Amaia Ayastui, Maria Penilla, Jasone Altuna, Carmen García eta Beatriz Altolagirre gaurko mahai inguruan | Argazkia: EnpresaBIDEA Amaia Ayastui, Maria Penilla, Jasone Altuna, Carmen García eta Beatriz Altolagirre gaurko mahai inguruan | Argazkia: EnpresaBIDEA

BIEMH makina-erremintaren biurtekoaren harira Women in Industry hitzaldi zikloa antolatu dute PWN Bilbaok, AFMk eta BECek. Goizean burutu den lehen mahai inguruan industriaren erronka teknologiko berriak izan dituzte hizpide Amaia Ayastui Kutxabankeko berrikuntza zuzendariak, Maria Penilla ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasunerako zentroko zuzendari teknikoak, Jasone Altuna Ibermaticako Utilities alorreko buruak eta Carmen García IBM Consultingeko bazkideak. Ibermatica enpresako Beatriz Altolagirre ibili da mahai inguruaren moderatzaile lanak egiten.

Hiru erronka nagusi nabarmendu dituzte parte-hartzaileek, jasangarritasuna, zibersegurtasuna eta talentuaren erakarpena. Ibermaticako Jasone Altunak ekonomia zirkularraren garrantzia nabarmendu du. Baliabideen aprobetxamendurako ezinbesteko tresna gisa definitu du. "Kostuak aurrezteko ez ezik, etorkizunerako ildoa ere bada", adierazi du. Izan ere, Altunak nabarmendu du 2030erako alor horretan 700.000 lanpostu sortzea aurreikusten dela, eta horretarako enpresak prozesu horretan inplikatu behar direla. Ekonomia zirkularra jasangarritasunarekin lotuta dagoela esan du, eta azken urteotan emandako lantegien eraldaketaren parte badirela. Zentzu horretan, argi du eraldaketa horretan emakumeen parte-hartzea kokatu behar dela.  

Datuen tratamenduan etikaren garrantzia nabarmendu dute hizlariek. Algoritmoak ez dira neutroak, gizakiaren irizpidea atzean dago .

Carmen Garcíak jasangarritasuna enpresen ardatz bihurtu dela azpimarratu du, batez ere azken urteotan. Aldaketa horretan, uste du pandemiak eta 2030 agendak zerikusia izan dutela. Berotze efektuaz Nazio Batuek egindako oharpenek, Europako araudi berriek, finantza jasangarrien aldeko apustuak... aldaketarako jarrera indartu dutela dio IBMko ordezkariak. Bere konpainiak hainbat enpresetako kontseilari ordezkariekin egindako azterketa batek jasangarritasuna erronkatzat hartzen dutela nabarmendu du. "Jasangarritasuna marketin alorretik ateratzea eta enpresaren erabakigune guztietan txertatzea da erronka". IBMren azterketa horretan, enpresen arduradunei kanpo faktoreen inguruan galdetu zieten, eta oso agerikoa da ingurumenarekin lotutakoek indarra hartu dutela. Jasangarritasunarekiko kezka, baina, ez da etorri soilik enpresan emandako hausnarketagatik. Merkatuek ere presioa egin dute. Badakite jasangarri izateak onura ekarriko diela, errentagarri izan daitekeela. Badira, dena den, konpainietako arduradunen artean ikuspegi kontrajarriak ere. Zenbaitek kostu bezala ikusten dute, eta irizpideak betetzea baino ez dute nahi; beste hainbatek, aldiz, ikuspegi eraldatzailea dute eta aukera bezala ikusten dute. Kostua da batzuentzat; beste batzuentzat, ordea, negozio aukera. 

Amaia Ayastui Kutxabankeko buruak ere argi ikusten du jasangarritasunaren aldeko jarrera indartu dela. Jasangarritasuna Kutxabanken nortasunaren parte dela nabarmendu nahi izan du. "Enpresaren dibidenduak gizartera itzultzen diren negozio eredu bakarra direla" azpimarratu du, eta jasangarritasunarekin lotu nahi izan ditu. Negozio ereduan ESG irizpideak barneratzen dituzte bai finantzaketak aztertzeko orduan, baita bezeroen aurrezkiak bideratzeko orduan ere.

Kasu askotan etorkizuneko lanbidea umetatik aukeratzen da, eta horregatik eredu eta rol ezberdinak ezagutzea garrantzitsua da emakumeen parte-hartzea sustatzeko

Jasone Altunak eraginkortasun-energetikoa ere mahaigaineratu du. Euskal Herrian badira aspalditik landutako proiektuak, eta erronka alor horretara proiektu berriak erakartzea da. Zentzu horretan prozesu guztiak berrikusteko beharraz hitz egin du: "ez da soilik estalkia aldatzea, funtzionamendua ere berrikusi behar da eraginkortasun-energetikoaren ikuspegitik".

Maria Penilla Gipuzkoako Ziur zentroko zuzendari teknikoak zibersegurtasunaren garrantzia gehitu nahi izan du hausnarketaren harira. Industriari zibersegurtasunaren garrantzia ulertzea kostatu zaiola kontatu du. Zibererasoek produkzio kateari ere eraso egin ahal diotela nabarmendu du. "Kostua baino, segurtasuna dela ulertu behar du industriak", esan duenez. Ibilbide luzea ikusten dio zibersegurtasunaren alorrari, eta horretan emakumeek ekarpen handiak egin ditzaketela uste du. Industriaren alderdi berria da zibersegurtasuna eta horrek industriak izan ohi duen irudira aldatzen lagundu dezakeela uste du, emakumeen inkorporazioa sustatuz.

Datuen kudeaketarako talentua

Datuen kudeaketa egokia eskatzen dute industriaren erronka berriek eta horretarako talentua erakartzea gakoa da. Hala uste dute mahai inguruan parte hartutako lau emakumeek. Gabezi handia ikusten dute, eta lanpostu jakin batzuetan eskatu izan diren ikasketa eskakizunak aldatu behar direla uste du Carmen Garcíak. IBMk alor teknikoko goi mailako ikasketez gain, gainerakoak ere aintzat hartzen ditu. Enpresa bera da prestakuntza espezializatua ematen diena. Hori da talentua erakartzeko modu bakarrenetarikoa, bere ustez.

Badira jasangarritasuna kostu bezala ikusten dutenak baina badira ikuspegi eraldatzailea dutenak eta aukera bezala ikusten dutenak

Datuen inguruan enpresen etika ere izan dute hizpide. Algoritmoen diseinuan gizakion joerak islatzen dutela azpimarratu du Garcíak. "Algoritmoak ez dira neutroak", eta programatzailearen irizpideak biltzen ditu. Sexismoa edo arrazakeria nabarmen garatu daitezke, eta hori ekiditeko etikaren garrantzia ezinbestekoa da. Araudia errealitatearen atzetik dabil, eta enpresa handiak dira gaur egun ildoak markatzen ari direnak. 

Emakumeen presentziaren, inguruan kezka azaldu dute parte-hartzaileek. Politika publikoaz gain, etxean egindako lanaren beharra aipatu dute. Kasu askotan etorkizuneko lanbidea umetatik aukeratzen dela nabarmendu dute hizlariek eta horregatik ereduen beharra eta, batez ere, rol ezberdinen ezagutzearen beharra nabarmendu dute. Historikoki industria gizonezkoen eremu gisa hartua izan dela, eta oraindik lana egiteko badagoela esan dute hizlariek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK