Trantsizio energetikoaren harira, laguntza berria iragarri du gaur Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak: 52 milioi euro erabiliko dira industriaren eraginkortasun energetikoa bultzatzeko. Egitasmoa Industria-Euskadi 2030 planaren baitan sortu da, “emisio gutxiago” ardatzaren baitan, hain zuzen ere.
Gobernu Kontseiluaren ostean egindako prentsaurrekoan azaldu dutenez, Jaurlaritzak aurreikusi du dirulaguntzen bidez 200 proiektu industrial laguntzea eta 195 milioi euro baino gehiago mobilizatzea. Era berean, inbertsioari esker 830 gigawatt orduko aurrezpen energetikoa izango dela aurreratu du sailburuak, alegia, EAEko industriak kontsumitzen duen guztizko energia %4,2 beheratzea suposa dezake programak.
Gaur bertan ireki da epea dirulaguntza eskuratzeko eskaera egiteko, eta azken eguna 2027. urteko ekainaren 30a izango da, betiere aurrekontua lehenago amaitzen ez bada. “Trantsizio energetikoa eta autonomia energetikoa ezinbestekoak dira ekoizpen-sarearen lehiakortasuna indartzeko eta energia-inportazioekiko mendekotasuna murrizteko”, baieztatu dute Jaurlaritzakoek egitasmoaren aurkezpenean.