• JASANGARRITASUNA
  • Jaurlaritzaren ingurumen-abala jaso dute Arabako bi parke fotovoltaikok

Jaurlaritzaren ingurumen-abala jaso dute Arabako bi parke fotovoltaikok

Arespalditza eta Aguraingo herri eremuetan kokatuko dira

Eguzki plakak | Argazkia: Ibedrola
Eguzki plakak | Argazkia: Ibedrola
2025eko abuztuaren 7a - 14:55

Eusko Jaurlaritzak ingurumen-oniritzia eman die Araban kokatuko diren Arespalditza eta Aguraingo parke fotovoltaikoen proiektuei. 32 hektareako azalera eta 20 megawatteko potentzia dute proiektuek. Ingurumen-inpaktuaren adierazpen biak ostegun honetan argitaratu dira EHAA Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren ebazpenen bidez.

Bi proiektuetako bat, Krabelin Solar izenekoa, Aiarako udalerrian dago, Arespalditzako herrigunearen ipar-ekialdean. Ventaja Solar izeneko enpresak sustatuko du eta 10,17 hektarea hartuko ditu, 6,040 MWp-ko potentzia izango duelarik paneletan. Aipatzekoa da lurzoru horiek ezin direla urbanizatu, eta Jaurlaritzak ondorioztatu du proiektuaren "eremuaren eta jardueraren ezaugarriak ikusita", ez duela aurreikusten parkeak ingurumenean "ondorio negatibo nabarmenik" eragin dezakeenik. Hala ere, hori horrela izan dadin aplikatu beharreko neurri zuzentzaile batzuk ezartzen ditu.

Era berean, ingurumen-oniritzia jaso du Aguraingo eta Iruraiz-Gaunako Ubalza planta fotovoltaikoa eraikitzeko proiektuak. Kasu horretan, instalazio hori egiteko aurkeztu zen lehen zirriborroaren bertsio murriztuari eman dio baiezkoa Jaurlaritzak.  22,22 hektareako planta izango da, guztira 15,75 MWp-ko potentzia izango duena. Konplexu horren eraikuntzari baiezkoa emateko, halaber, hainbat neurri zuzentzaile hartu behar dira, ingurunean duen eragina mugatzeko.