Jaurlaritzak 120 milioi euroko diru laguntzak eskainiko ditu EAEko hainbat sektore indartzeko

Enpresetan laguntza programak bultzatu, lehiakortasuna hobetu eta garapen ekonomiko iraunkorragoa sustatzea dute xede diru laguntzek

Gaurko Gobernu Kontseilua osteko prentsaurrekoa | Argazkia: Eusko Jaurlaritza Gaurko Gobernu Kontseilua osteko prentsaurrekoa | Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Gaurko Gobernu Kontseilua egin ondoren, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumeneko sailburuak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak 120 milioi euro bideratuko dituela enpresei hainbat arlotan laguntzeko. Zehazki, enpresen laguntza programak bultzatzeko, lehiakortasuna hobetzeko eta garapen ekonomiko iraunkorragoa sustatzeko helburua dute diru laguntza hauek.

Tartean, industria deskarbonizatzeko laguntza programa izango da, industria produktu zein prozesuez arduratzen diren enpresa eta zerbitzuei bideratutakoa, eta hamar milioi euro eskainiko dira berotegi-efektuko gasak murrizteko instalakuntzetan inbertsioak sustatzeko. Hazitek programaren bigarren fasea ere zabalduko da, eta 90 milioi euro pasatxo bideratuko dira bertara.

Arrantza eta akuikultura sektorera zuzendutako laguntzak ere badaude. “Garapen teknologikoa, energia efizientzia eta giza kapitala oinarri duen sektore jasangarri eta berritzailea sustatzea” helburu izanik, eta sektoreko belaunaldi arteko erreleboa erraztu nahi da 16,9 milioi euroko diru laguntzarekin.

Azkenik, landa eremuetako jarduera ekonomikoa sendotzeko diru laguntzak ere eskainiko direla iragarri du Tapiak. EAEko landa eremuetan turismoa sustatzeaz gain, bertako biztanleen lan azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzea du xede.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK