• JASANGARRITASUNA
  • Jaurlaritzak atzera bota du Piaspe parke eolikoa eraikitzeko proiektua

Jaurlaritzak atzera bota du Piaspe parke eolikoa eraikitzeko proiektua

Ingurumen ikuspegitik "bideraezina" dela ebatzi du. Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo udalek ontzat jo dute erabakia

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2025eko abuztuaren 12a - 10:38

Eusko Jaurlaritzak atzera bota zuen bart Statkraft enpresak Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean (Gipuzkoa) egitekoa zuen Piaspe parke eolikoaren proiektua. Parke eolikoa egitearen kontrako inpaktu adierazpena igorri zion Jaurlaritzak multinazional norvegiarrari, errotek eta energia azpiegiturek eragingo luketen kalteak direla eta.

 

Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Industria, Transizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak ebatzi du proiektua “bideraezina” dela ingurumenaren ikuspegitik, aerosorgailuak jarri nahi dituzten eremuek "ingurumen sentiberatasuna" dutelako, hegaztien ugalketarako funtsezko gunea izanik.

Multinazionala Euskal Herrian hainbat proiektu garatzen saiatu da azkenaldian. Urtearen hasieran, Aramaio (Araba) eta Eskoriatza (Gipuzkoa) artean Itsaratz izeneko proiektua gauzatu nahi zuen, baina hura ere atzera bota zuten ingurumen arrazoien ondorioz.

 

Piaspe parke eolikoaren proiektuak polemika handia piztu zuen Urola eskualdean, eta Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo udalak haren kontra azaldu ziren. Behin Jaurlaritzaren erabakiaz jakitun, ontzat jo dute ebazpena. Ohar batean, hiru udalek argitu dute ebazpenaren edukiaren berri emango dietela ekimenak eragindako lur eremuko biztanleei.

Era berean, adierazi dute “energia trantsizioaren aldeko konpromiso irmoari” eutsiko diotela aurrerantzean, «betiere, ingurumenaren babesa, tokiko onurak eta herritarren parte hartzea uztartuko dituzten proposamenen” bidez.