
Eusko Jaurlaritzak trantsizio energetikoari eta klima aldaketari buruzko lege proiektuari argi berdea eman dio, erantzunkidetasunaren bitartez deskarbonizazio prozesua azkartzeko helburuarekin. Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatu duen lege proiektua da, 2050erako nazioarte mailan Euskal Autonomia Erkidegoa klima neutraltasunarekin eta trantsizio bidezko energiarekin lotuko duena.
EAEn klima aldaketa jorratzen duen lehen legea da. Ezinbesteko tresna da 2015eko Parisko Akordioan finkatutako helburuari erantzuteko, hau da, industrializazio aurreko garaia oinarri hartuta munduko tenperaturaren hazkundea 1,5 °Cra mugatzeko eta klima aldaketaren efektu negatiboak gutxitzeko. Horrez gain, Iñigo Urkullu lehendakariak 2019an emandako Klima Larrialdiaren Erakunde Deklarazioa betetzen du. Bertan “premiazko ekintzak” iragarri zituen 2050erako EAE karbonoan neutroa izan dadin.
2020ko datuek diotenez, energiaren, garraioaren eta industriaren sektoreak dira gas kutsakor gehien isurtzen dutenak, isuri guztien %84.
Lege proiektuaren berritasunak
Ekimenen erregistroa
Legearen bitartez Energia trantsizioaren eta klima aldaketaren ekimenen euskal erregistroa sortuko da. Publikoa izango da eta bertan, erakunde publiko eta pribatuek klima aldaketan egindako jarduketak inskribatuko dituzte. Inskripzioa doakoa izango da eta inskribatutako jardueren titularrek administrazio hobariak jasoko dituzte, adibidez, aintzatespen publikoak.
Enpresek, administrazioek, eta erakunde publikoek (udalak barne) karbono aztarna kalkulatu ahal izango dute, eta isuriak gutxitzeko plan espezifiko bat diseinatzeko aukera izango dute.
Klimaren eta energiaren tokiko planak
Lurralde historikoek eta 5.000 biztanle baino gehiagoko euskal udalerriek beren eskumenen esparruan klima eta energia planak sortu beharko dituzte.
Energia trantsizioaren eta klima aldaketaren bulegoa sortzea
Kide anitzeko organo teknikoa izango da, Eusko Jaurlaritzan energiaren eta klima aldaketaren arloan eskuduna den sailari atxikita egongo da, eta bere eginkizunen artean egongo da legearen helburuen betetze maila jarraitzea eta araudia betetzen dela kontrolatzea.
Partaidetza sustatzea
Inor atzean utzi gabe ekitatea eta elkartasuna bermatzen dituen trantsizio bidezkoa eta jasangarria lortzeko, kostuen eta kargen banaketa ekitatiboa kontuan hartuko da eta arreta berezia jarriko zaie sektore ekonomiko, lurralde eta biztanle zaurgarrienei, eta generoaren,adinaren edo aniztasun funtzionalaren aldagaiak sartuko dira trantsizioa desberdintasunen kausa berria izan ez dadin.
Herritarren batzarra
Aurrekoaz gain, herritarren parte-hartzea bultzatzeko, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko energia trantsizioaren eta klima aldaketaren Herritarren Batzarra sortuko du eta dekretu bidez arautuko ditu bere eraketa, antolamendua eta funtzionamendua.
Energia eta klima ikuspegia aurrekontu publikoetan
Energia eta klima ikuspegia kontuan izan beharko du EAEko Aurrekontu Orokorren proiektuak. Gainerako euskal administrazio publikoek energia eta klima ikuspegia beren aurrekontu publikoetan sartzea sustatuko dute, bereziki, diseinu fasean.
Behin lege proiektua onetsita, Eusko Legebiltzarrera bidaliko da orain bertan izapetu dadin.