Jaurlaritzak zortzi proiektu eraldatzaile onartu ditu jasangarritasunari lotuta

Proiektuen artean leudeke enpresa txiki eta ertainei jasangarritasunerako trantsizioan laguntzea, edota finantza jasangarriak sustatzea

Arantxa Tapia Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua | Argazkia: Irekia Arantxa Tapia Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua | Argazkia: Irekia

2030erako Euskadiko V. Ingurumen Esparru Programa (IEP 2030) onartu du Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak gobernu bileran. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren arabera, programa hori ingurumen politiketarako “iparrorratza” izango da hamarkada osoan zehar, eta “lurralde jasangarriago bat lortzeko bidea erraztuko du”.

Hala, onartu berri diren zortzi proiektu eraldatzaileak aurkeztu ditu: enpresa txiki eta ertainen jasangarritasunerako trantsizioan laguntzea; jasangarritasunaren zerbitzurako berrikuntza soziala sustatzea; herritarrak kontsumo jasangarrian ahalduntzea; finantza jasangarriak sustatzea; produktu eta zerbitzu jasangarriak erosteko zentral bat bultzatzea; lurraldearen kohesio jasangarria sustatzea; balio-kateetan zirkulartasuna sustatzea; eta osasunaren eta ingurumenaren behatoki bat eratzea.

Idazkaritza tekniko bat ere sortuko dela jakinarazi du, proiektu eraldatzaile horiek bideratzeko eta eragileen arteko harremana eta lankidetza bultzatzeko.

Jaurlaritzaren arabera, programaren bidez “eredu jasangarri eta bidezko baterantz” aurrera egingo du Euskal Autonomia Erkidegoak, Itun Berdearen bitartez eta European Green Deal delakoaren ildotik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK