• JASANGARRITASUNA
  • Konpromiso klimatikoak martxan jartzeko helburuarekin hasi da COP31

Konpromiso klimatikoak martxan jartzeko helburuarekin hasi da COP31

Azaroaren 20ra arte Turkiako Antalya hirian NBEren klimaren goi-bileran Parisko Hitzarmena betetzeko neurriak aztertuko dira

Simon Stiell COP31ko irekiera ekitaldian | Argazkia: UNFCCC
Simon Stiell COP31ko irekiera ekitaldian | Argazkia: UNFCCC
2026ko azaroaren 9a - 12:12
Eg. 2026ko azaroaren 9a - 17:00

Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen 31. konferentzia gaur hasi da eta hilaren 20ra arte izango da. Bertan, 200 herrialdeetako ordezkariak egongo dira. Goi bilera Turkiako Antalya hirian egingo da, baina aurten, konferentziaren zuzendaritza Turkiaren eta Australiaren esku dago. Irekiera ekitaldian Simon Stiell NBEko Klima Aldaketaren idazkari exekutiboak hitzaldia eman du eta bertan Parisko Hitzarmenari garrantzia eman dio. Akordio honek planetaren tenperaturaren igoera 1,5 gradura mugatzea du helburu, baina helburu horretatik urrun gaudela azaldu du NBEko Klima Aldaketaren idazkariak. NBEk aditzera eman dutenez, gaur egungo politikekin planetak 2,8 gradurainoko berotzea izango du mende amaieran, Parisko Hitzarmenean jasotako muga baino askoz gorago.

 

Stiellek irekiera ekitaldiko hitzaldian energia berriztagarrien apustuaren aldeko datuak helarazi ditu: "Energia berriztagarrien proiektu handien %90 erregai fosilen alternatibak baino merkeagoak dira orain. Energia honetarako egokitzapena bazterreko zerbait izatetik arau izatera pasatzen ari da." COP31en helburu nagusia ez da akordio handi bat iragartzea, baizik eta hartutako konpromisoen aplikazioan aurrera egitea.

Turkian Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat egongo da, besteak beste, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua egongo da Antalyan eta sailaren beste lau ordezkari. Horretaz gain, euskal enpresen parte hartzea espero da, berotze globalaren ondorioei erantzuteko garatzen ari diren proiektuen berri emateko.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain