Krisi klimatikoaren garaian jasangarritasuna errentagarria eta etikoa izatearen beharra

Jasangarritasuna eta lehiakortasunaren arteko harremana jorratu zuten alor ezberdinetako hainbat adituk BBK Bizkaia Networken. Garapen Jasangarrirako Helburuen eragina, enpresek gizartearekiko harremana edo ekonomiaren ikuspegi etikoa izan zituzten hizpide

Argazkia: BBK Bizkaia network Argazkia: BBK Bizkaia network

Ahoz aho dabilen hitza da lehiakortasuna, are gehiago ziurgabetasun ekonomikoaren garai honetan. Jokaleku geopolitikoa aldatzen ari da eta trantsizio ugariri egin behar diote aurre enpresek. Jasangarritasuna ere gure hizkeran sendo sartu den beste kontzpetua da. Uztargarriak al dira? Krisi garaian enpresak jasangarri eta lehiakor izan daitezke? Garapen Jasangarrirako Helburuek bide horretan lagunduko al dute? Etika barne hartzen al dute helburu horiek?

Galdera horiei guztiei erantzuna topatzeko asmoz BBK Fundazioak eremu askotako adituak elkartu zituen BBK Aretoan joan de astean. Olga Martín Aclima Euskadiko ingurumen industrien kluster elkarteko zuzendaria, Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako eraldaketa digitalerako eta ekintzailetzarako zuzendaria, Javier Cortés Lead Sostenibilidad enpresako zuzendaria, Oihane Aldayturriaga BBK Fundazioko talentua eta ekintzailetzarako zuzendaria eta Leire San José Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta ECRI Ethics in Finance & Social Value ikerketa taldeko zuzendariak luze eta zabal jardun zuten lehiakortasuna eta jasangarritasuna uztargarriak ote diren aztertzen.

Olga Martin Aclima klusterreko zuzendariak 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) izan zituen hizpide. Eremu oso zabalak jorratzen badituzte ere (ekonomia zirkularra, lehengaiak, lurzoruak, hiri-berroneratze jasangarria...), euskal enpresek esperientzia badutela esan zuen. Industria astunetik egungo eredurarako eraldaketak lehen trantsizio ekologikoa izan zela adierazi zuen Martinek. Araudi oso aurreratua egin behar izan zen, eta hori abantaila dela deritzo. Oraingoan, baina, lehentasuna ingurumenak hartu duela nabarmendu zuen. Green Deal edo paktu berdeak negozio eredu berriak sortzeko aukera oso baliagarritzat hartu zuen negozio eredu berriak sortzeko. Hondakinen balorizazioa, neurketa eta teknologia eredu gisa jarri zituen. Egun hondakinen % 37 zabortegietara doa. Erronka industria prozesuen zirkuituan mantentzea da. Produktuen bizitza luzatzea da beste helburuetako bat. Uraren adibidea jarri zuen Martinek, alegia, hondakin-uren araztegietara doan urarena bezala. % 40 euritik etorritakoa da eta berrerabili daiteke. Badira aukerak, eta ekitzailetza da gakoa, haren hitzetan.

Ekintzailetzaren garrantzia

Oihane Aldayturriagak bat egin zuen ikuspegi horrekin, eredu jasangarriaren aldeko apustuaren beharrarekin. Izan ere, etorkizuna bermatu dezake, balioetan eta etikan oinarritua. Eta horretarako erronka berriei ekingo dieten negozio ereduak behar dira. 2030erako mundu mailan eragina lortzeko inbertsioa 30 trilioi dolarrekoa izatea espero da Aldayturriagak zioenez. Euskal Herrian badira ideia berritzaileak jorratzen ari diren ekintzaileak. Leyre Madariagak hainbat adibide jarri zituen: txatarraren salerosketarako salmenta gune birtuala garatu duen start-upa, ereindako haragia ekoizten duena, erabilitako bateriak erosten dituena erabilpen alternatiboa emateko... Ingurumenean sinistea lehiakortasunerako gakoa dela nabarmendu zuen Madariagak, krisitik ateratzeko tresna. Aurrerapausoak ematen ari direla sinetsita dago Madariaga. Iaz 600 ekintzaile berri izan ziren. Kasu askotan bokazioz ekiten diote ekintzailetzari, gizartean eragiteko. Euskal ekintzailetzak kutsu industriala daukala esan zuen Madariagak. Horrek teknologiaren erabilpen handia eskatzen du, baita finantzaketa handia ere. 

Javier Cortések epe luzearen garrantzia azpimarratu zuen. Nazioarteko inbertsio funts nagusiak epe laburrarekiko esposizio handiegia zutela ohartu ziren, eta epe ertain eta luzerako merkatuak behar zituzten. Karteren dibertsifikazio horretatik aukera onak atera zirela uste du Cortesek, esaterako, onarri soziala eta egonkortasuna sortzea ekonomia onbideratzeko. Lehen ez bezala balioak eta konpromisoa lehenesten dituzte funtsek gaur egun. Gakoa, hortaz, balioetan dago.

Balioak eta etika

2015eko irailaren 25ean, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak aho batez onartu zuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda, ekintza-plan unibertsal, integral eta eraldatzailea garapena bultzatzeko gizarte, ekonomia eta ingurumenaren alorretan. Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak berriro heldu zien 2000-2015 eperako ezarritako Milurtekoko Garapen Helburuei, garapen jasangarrirako hamazazpi helburuak lortzeko ekimenari bultzada berria emanez.

Enpresetan gizarte erantzukizuna apaingarria izatetik, estrategiaren muinetan izatera pasa zen GJHen bitartez. Araudiak zorroztu egin dira, eta eremu guztietara heldu da GJHen garrantzia. Munduko inbertsio funts nagusiek xehe aztertzen dute helburuen lorpena inbertsio erabakiak hartzeko orduan. Bankuek ere jasangarritasun irizpideak aintzat hartu behar dituzte enpresei finanatzaketa eta prezioa emateko orduan. Leire San Josek aldaketa hori nabarmendu zuen, alegia borondatezkoa izatetik, derrigortasunerako urratsa eman duela. Duela hamabost urte enpresek erabakiak akziodunentzako mozkina hobetzeko hartzen baziren ere, egoera aldatu duela uste du San Josek. Interes-taldeak jarri zituen eredu gisa. Egun interes-taldeak gizarte osora hedatu dira enpresen erabakiek gizarte osoari eragiten diotelako. Cortesek elkarrekikotasunaren kontzeptua gehitu zuen, gizarte kohesionatu baterako giltzarria. 

San Josek nabarmendu nahi izan zuen GJHak aplikatze hutsak berez jarrera etikoa ez duela bermatzen. Kasu askotan enpresaren jarduera bera ere birplanteatu behar da GJHak enpresan integratzeko. Pentsamoldea aldatu behar dela argi dauka San Josek, fokoa enpresak gizarteari ematen dion horretan jarrita. Etikaren mamia horretan datza bere ustez. 

Jasangarritasuna monetizatu

Modako kontzeptua badirudi ere, solasaldian parte hartu zuten hizlariak bat etorri ziren monetizazioaren garrantzia azpimarratzean. Enpresek erabakiak hartzerakoan errentagarritasun irizpideak hartzen dituzten moduan, garrantzitsua da jasangarritasuna eurotan neurtu ahal izatea. Aclimako ordezkariak hondakinen monetizazioa jarri zuen eredu moduan. Zabortegietara botatzen dugunak zenbat balio duen kalkulatu behar da galera zenbatzeko. Erabakiak eurotan neurtzeak begiak irekitzen dizkie enpresei. Enpresa txikien kasuan are garratzitsuagoa da Cortesen ustez. Plantilla txikiagoak dituzte, eta erabakiak lehenetsi behar dituzte, ezin dutelako denborarik galdu. Gakoa da jasangarritasunaren aldeko apustuak zer nolako onurak ekarriko dizkien zenbakitan jartzea. Erosleengana edo lehiaketa publikoetara joateko orduan GJHekin lerrokatuta egoteak konfiantza sortu du eta hori da merkatuak eskatzen duena Lead Sostenibilidadekoaren ustez: "Monetizatzea enpresaren bizkarrezurrean eragitea da"

Monetizatze soilik hartzeak, baina, baditu bere arriskuak. San Joseren iritziz "askotan kostuaz baino ez gara kezkatzen". Kostuak balioa duen edo ez aztertu behar da. Interes-talde osoari baliorik ematen dion ikusi behar da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK