• JASANGARRITASUNA
  • Kutsadurak Europako biztanleengan duen eragina neurtzeko ikuspegi berritzailea proposatu du BC3k

Kutsadurak Europako biztanleengan duen eragina neurtzeko ikuspegi berritzailea proposatu du BC3k

Diru-sarrerak, adina eta kokalekua aintzat hartuko dituen hurbilketa landu du BC3k zuzendutako ikerketa batek, The Lancet Regional Health aldizkarian argitaratu dena

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko ekainaren 22a - 13:04
Eg. 2026ko ekainaren 22a - 13:10

BC3k zuzendutako, eta Atenaseko Unibertsitate Tekniko Nazionalarekin (NTUA) eta Europako Batzordearen Ikerketa Zentro Komunarekin (JRC) lankidetzan eginiko, ikerketa batek klima-aldaketak europarren osasunean duen eragina aztertu du. Izan ere, 2022 bakarrik aintzat hartuta, 239.000 pertsona baino gehiago hil ziren modu goiztiarrean partikula finen (PM2,5) eraginpean egotearen ondorioz. 2030eko aurreikuspenetan jaitsiera bat bada ere, 153.000 heriotza eragingo dituela aurreikusi da.

 

Ikerketak ikuspegi berri bat proposatu nahi izan du, aditzera ematen duelako herritar guztiek ez dituztela berdin pairatzen kutsaduraren efektu horiek. Zehazki, "diru-sarrera txikienak dituzten familiek eta hiriguneek, bereziki Balkanetako herrialdeetan, neurriz kanpoko esposizioa dute kutsadura honen aurrean".

Hurbilpen berri horrek, halaber, argi uzten du egun klima-aldaketa arintzeko Europako ahaleginak eta kontinente zaharreko deskarbonizazio-plan zorrotzak ez direla nahikoak kutsadura atmosferikoari aurre egiteko. Zehazki, Energia eta Klima Plan Nazionalak (NECP) eta “Fit-for-55” (FF55) neurri-sorta biltzen dituen “POLICY55” agertokia aztertu dituzte ikerketarako, zeinak helburu duten kontinente zaharreko berotegi-efektuko gasen isurketak % 55 murriztea 2030erako, 1990 urtea abiapuntu hartuta. Clàudia Rodés-Bachs BC3ko ikertzaile eta ikerketaren egileak kontatu duenez, "gaingiroki, badirudi Europako trantsizio energetikoak ezustekorik gabe egiten duela aurrera, baina zifra globalek ezkutatzen dute irabazleak eta galtzaileak daudela. Batez bestekoen inguruan diseinatutako klima- eta kalitate-politikak ez dira nahikoak, eta ahulenak atzean uzteko arriskua dute”, BC3k zuzendutako lanak, ikertzailearen ustez, "irudi askoz osatuagoa du, eta Europako trantsizio energetikoaren osasun-kostuak zein kolektibok bere gain hartzen dituen erakusten du, bai nazioartean, bai toki-mailan”. Lana The Lancet Regional Health aldizkari ospetsuan argitaratu dute.