Kutxabank eta Mugabik lankidetza akordioa sinatu dute

Etxebizitzen efizientzia energetikoa hobetzeko birgaitzeak finantzatzea du helburu hitzarmenak

Eduardo Ruiz de Gordejuela eta Iñigo Escobal | Argazkia: Kutxabank Eduardo Ruiz de Gordejuela eta Iñigo Escobal | Argazkia: Kutxabank

EAEko etxebizitzen efizientzia energetikoa hobetze aldera lankidetza akordioa izenpetu dute Kutxabank eta Mugabik. Iñigo Escobal Mugabiko presidenteak eta Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko kontseilari delegatuak sinatu dute etxebizitzen birgaitzea finantzatzea helburu izango duen hitzarmena.

Finantza-erakundearen arabera, akordio honi esker birgaitze-lanak Mugabiren bitartez egingo dituztenek aurrekontuaren %100era arte finantzatu ahal izango dituzte obrak eta Kutxabanken Efizientzia Energetikoa Maileguaz baliatu ahalko dira. Era berean, “itzuli beharrik gabeko dirulaguntza” jasoko dutela azaldu du Kutxabankek.

Escobalek nabarmendu duenez, “aukera on bat da jabeen erkidegoentzat, laguntzen tramitazioan eta obren finantzaketan espezializatutako bi agente bildu direlako”, Ruiz de Gordejuelak, bestalde, zera nabarmendu du: “neurri berri bat da, bat datorrena ekonomia deskarbonizaturanzko trantsizioan lagundu nahi duen gure banka-eredu arduratsuarekin, aspalditik dabilena finantza-produktuak merkaturatzen etxebizitzen erreformak eta etxebizitza efizienteen eta ibilgailu nahiz etxetresna elektriko jasangarrien erosketan laguntzeko”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK