Kutxabankek bi funts jasangarri berri merkaturatu ditu

Errenta finkoko funts bat eta errenta aldakorreko beste bat dira, eta bonuetan eta konpainietan inbertituko dute, ingurumen- edo gizarte-inpaktua lortzeko helburuarekin

Kutxabanken egoitza Bilbon | Argazkia: EnpresaBIDEA Kutxabanken egoitza Bilbon | Argazkia: EnpresaBIDEA

Kutxabank Gestionek beste urrats bat eman du inbertsio jasangarriak maila gorenera bultzatzeko konpromisoan, jasangarritasunaren dibulgazioari buruzko araudiaren (SFDR) 9. artikuluan sartzen diren bi inbertsio funts berri merkaturatuta.

Kutxabank EF Helburu Jasangarria eta Kutxabank EA Helburu Jasangarria izeneko funtsak dira, eta bertako inbertsioak erakunde jakin batzuk bilatzera bideratuta daude, beren jarduera osoaren edo zati baten bidez, edo proiektu zehatz batzuen bidez, horietarako finantzaketa eskainiz.

Kutxabank EF Helburu Jasangarria errenta finkoko funtsa da eta, batez ere, bonu berde, sozial eta jasangarrietan egingo ditu inbertsioak, baita ingurumen edo gizarte helburu zehatzak betetzeari lotutako bonuetan ere, ingurumen helburuetara lerratutako jaulkitzaile publiko zein pribatuenak izan. Inbertsiorako gomendatutako gutxieneko epea 3 urtekoa da.

Kutxabank EA Helburua Jasangarriak, berriz, bere ondarearen %75, gutxienez, errenta aldakorrean inbertituko du, batez ere, ingurumenean, baina baita gizartean ere, eragin positiboa duten enpresen aukeraketan oinarritutako estrategiarekin. Inbertsiorako gomendatutako gutxieneko epea 5 urtekoa da.

Joseba Orueta Kutxabank Gestioneko kontseilatri delegatuak adierazi duenez, “bi funtsak kudeaketa eskuordetuaren parte izango dira (Zorroak, FGA eta Baskepensiones) ‘zorro’ motaren bidez, eta zuzenean inbertitzeko ere erabilgarri egongo dira ‘estandar’ motaren bidez”.

Finantza erakundeak adierazi duenez, jasangarritasun irizpideen araberako inbertsioa beti egon da Kutxabanken, baita indarrean sartu diren arauketen aurretik ere, eta horri esker, Kutxabank Gestion "aitzindaria eta erreferentzia izan da merkatuan sozialki arduratsua den inbertsioari dagokionez".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK