
Kutxabankek etxebizitza berdearen aurrezki kontu berria jarri du merkatuan, ohiko etxebizitza bat eskuratzeko aurrezkia sustatzera bideratuta dagoena. Hala, etxebizitza kontuak dirauen bitartean, euriborraren %60ko ordainsariaz gain, higiezin jasangarriak erosteko erabiltzen diren maileguen kasuan, hau da, A eta B ziurtagiri energetikoa duten etxeen kasuan, %60ko beste hobari gehigarria jasoko dute, euriborraren %120ra iritsi arte. Aparteko ezohiko osagarri hori gehienez 1.000 eurora irits liteke, ordainketa bakarrean.
Kutxabankek ohar bidez jakitera eman duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren etxebizitza aurrezpenei lotutako kontuek eskaintzen dituzten zerga abantailei gehituko zaie hobaria, ohiko etxebizitza erosteko aurreztea errazten duen tresna bilakatuz.
Izan ere, Kutxabank izan zen energiaren ikuspegitik eraginkorrak diren etxebizitzak erosteko ‘Hipoteka Berdea’ deiturikoa merkaturatu zuen lehen erakundeetako bat. Arlo honetako higiezinek finantzaketa baldintza bereziak jaso ditzakete, eta etxebizitza berdeko aseguru jakin bat kontratatu dezakete kontsumo baxuko etxebizitzetarako. Eskaintza lehiakorra du energia kontsumoa murrizten laguntzeko, izan leihoak ordezkatzeko, berokuntza- eta girotze-sistemak hobetzeko, zein galdarak aldatzeko.