Landatu Solarrek eguzki plaken instalazioa sinplifikatzeko sistema berritzailea sortu du

Merkaturatu berri duen sistemak, instalazioan erabilitako denboraren %40 aurreztea lortu du

Landatu Solarren lantaldea | Argazkia: Spri Landatu Solarren lantaldea | Argazkia: Spri

Eguzki plakak instalatzeko zailtasun nagusietako bat normalean erabiltzen diren hormigoizko egituren pisua izan ohi dela dio Landatu Solar enpresa bizkaitarrak. Horri aurre egin nahian, Landblock sortu berri du, urez edo beste material batzuez lastatutako euskarri arina, eguzki panelak instalatzeko denbora %40 murriztea ahalbidetzen duena.

Konpainiak azaldu duenez, HDPEz (dentsitate handiko polietilenoz) egindako plastikozko euskarri bat da. Hutsik ez da 3 kg-ra iristen, baina urarekin edo beste material batzuekin (harea, legarra edo hormigoia, esaterako) lastatu ondoren,  56 eta 100 kilo arteko pisua hartzen du. “Diseinu horrek aukera ematen die instalatzaileei eta enpresei produktua askoz arinago eta errazago garraiatu eta manipulatzeko, instalazioa merkatuz eta sinplifikatuz”, ziurtatu du Alfredo Solano Landatu Solarreko bazkide fundatzaileak eta Negozio eta Eragiketa Garapeneko zuzendariak. “Gainera, bi zatitan egindako diseinu originalak modu pilatuan garraiatzeko aukera ematen du eta, beraz, 174 unitate ere mugi daitezke palet batean”, gaineratu du.

Sistema berri hori otsailean aurkeztu zuten Madrilen izandako Genera, Energia eta Ingurumenaren Nazioarteko Azokan. Baina, sistema horren jatorria, euskal konpainiaren beste produktu bat da, Lamaru, eguzki instalazio flotatzaileak jartzeko sistema. Solanok azaldu duenez, “mantentze korridoreak osatzen dituzten pasabideekin konektatuta dauden plataforma batzuk dira. Hala, gutxi erabiltzen diren ur-xaflak bezalako espazioak aprobetxatzea lortzen da energia berriztagarria sortzeko, ekoizpen lurra jatorrizko erabilerarako utziz”.

Hala, aldaketa txiki batzuk egin ondoren, konpainiak dagoeneko pilaketa-, garraio- eta erabilgarritasun-abantailez baliatzen zen produktu hori egokitu ahal izan du, estalki eta azalera lauetan erabiltzeko. Horiek  autokontsumorako egoitza-instalazioetan, industria-instalazioetan edo lurzoruaren gaineko eguzki-parke handietan  erabil daitezke.  

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK