Lurramaren 20. edizioa hasi da ostiral honetan Miarritzeko Irati erakustazokan. Ipar Euskal Herriko baserri handienak ateak zabalik dauzka igande arratsera arte. Euskal Herri osoko laborariak eta ekoizleak gonbidatu dituzte beren lana erakusteko tokiko, kalitateko eta elkartasunezko nekazaritza jasangarriaren alde.
2006tik azaro hasiera oro Lurrama dator. Euskal Laborarien Batasuna sindikatuak sustatu zuen Euskal Herriko Laborantza Ganbarak sortu zuen Lurrama azoka handia, eta hasieratik xede bera du: harremanak sortzea eta sendotzea Lapurdiko kostaldean bizi diren milaka kontsumitzaileen eta Iparraldeko barnealdean lan egiten duten nekazarien artean. Aurtengo leloa Biharko laborariak da, eta Elena Agerre sagar egile baigorriarra eta Iñaki Intxausti Segura-Zeraingo nekazaria dira edizio honetako gazama eta gazaita. Lehen aldiz, Euskal Herri osoko lehen sektoreko profesionalak dira gonbidatu nagusiak. Gauzak honela, zenbait sormarka bertatik bertara ezagutu litezke, horien artean Kintoako urdaiazpikoarena, Ezpeletako piperrarena, Ossau-Irati gasnarena eta Irulegiko ardoena. Idiazabal eta Erronkariko gaztak, eta Lodosako piperren ordezkariak ere Miarritzen daude egunotan.
Aurtengo leloa 'Biharko laborariak' da, eta Elena Agerre sagar egile baigorriarra eta Iñaki Intxausti Segura-Zeraingo nekazaria dira edizio honetako gazama eta gazaita
Arabako Errioxako ardo egileak Lurrama azokan daude lehen aldiz. Merkatuak ateak ireki bezain laster Nagore Etxeberriarteun Abra elkarteko kideak irria zeukan ezpainetan jendetza handia bildu ohi baita Lurraman. Arabako Errioxako ardoak zergatik ez diren gehiago aurkitzen Bilbo, Donostia edo Iparraldeko azoka, taberna eta jatetxeetan galdetuta, Paganoseko García de Olano upategiko arduradunak argi dauka Arabako Errioxako marka sortzea falta dela. “Marka hori lortu behar dugu denek identifikatu dezaten gure ekoizpena. Gehiago ezagutarazi behar dugu gure burua. Gu Euskal Herriko produktua gara, baina ez da erraza merkatuetan sartzea. Iparraldean, gainera, Frantziaren eragina dago”, adierazi du Etxeberriarteunek. Abra elkarteko kideek espero dute ildo eta merkatu berriak aurkituko dituztela urte zaila pairatu dutelako. “Denek galerak jasan ditugu. Udazkena eta udaberria zaila izan dira, eta joan den udan oso bero handia egin zuen. Gainera, bero handia egun askotan izan zen jarraian, eta gauean ez zuen nahiko freskatzen”, zehaztu du Paganostarrak.

Florian Raguenes senpertarra da, eta hura ere lehen aldiz joan da Lurramara Urguri auzoan ekoizten duen sargarnoarekin. Badira hiru urte lau sagarnoa desberdin ekoizten hasi zela eta gaur egun urtean 20.000 boteila prestatzen ditu Harismendia familiaren baserrian. “Aitatxik arbolak xertatzen zituen, otrain horiez gain sagarrondoak ditugu Arbonan eta Arrangoitzen. Gure ekoizpena baserrian berean, eta Senpereko eta Sarako merkatuetan saltzen dugu”, zehaztu du senpertar gazteak.
Lurramaren hitz ordua berria da, halaber, Olatz Mitxelena euskal sagardoa jatorri deiturako kidearentzat. Badira zenbait hilabete sormarka berria lantzen ari direla Euskal Herri osoarentzat. Gaur egungo marka Euskal Autonomia Erkidegoan mugatzen da, baina asmoa dago bat egitea Iparraldeko eta Nafarroa Garaiko ekoizleekin. “Edarietan mugaz gaindiko lehen sormarka litzateke, eta orain Bruselaren erantzunaren zai gaude. Ea zer dioten”, galdetu du Mitxelenak.
Aritz Ganboa (artzaina): “Euskal Herrian gisa horretako dagoen hitz ordu handiena da. Bestak eta aldarrikapenak bat egiten dute"
Aritz Ganboa artzai ezagunenetakoaren hitzetan, Lurrama ezagutzeak merezi du. Lehen bezero gisa joan ohi zen, baina 2019an bezala aurten ere erakusmahaia dauka bere ekoizpenekin. “Euskal Herrian gisa horretako dagoen hitz ordu handiena da. Bestak eta aldarrikapenak bat egiten dute, eta gainera aurtengo protagonista handiak Euskal Herri osoko ekoizleak gara”, dio pozik telebistan ospetsu bilakatu den artzai nafarrak.
Iñaki Berhokoirigoin azokaren arduradunaren arabera, Lurramaren loreek haziak erein dituzte hogei urtez. Izan ere, merkatuak betiko formula du baina bi hamarkadetan laborantza ekimen berriak sortu dira. Laborantza sailean elkarte berriak sortu dira, hala nola, landaregintzan. Herriko garagarra eta tokiko gaztainak sustatzen dituzte beti berritzen den azokan.

Aurtengo aldaketa bakarren artean behirik ez dagoela. Baimena zuten behiak erakutsi ahal izateko, baina ikusiz nolako gaitza hedatu den azken asteetan arduradunek diote hobe dela zuhurtziaz eta arduraz jokatzea.
“Baimenak ditugu behiak garraitu eta erakusteko. Dena den, eritasuna dabil eta agertu den tokietan ondorio zailak izan dira abereak hil behar izan baitituzte. Traumatismo handia da laborarientzat eta ez dugu berri txarrik eragin nahi. Arriskua dago eta ez dugu ardura hori asumitu nahi. Behien inguruko laborantza bada, aurten ez daude, baina noizbait itzuliko dira Lurramara”, zehaztu du gamartarrak.
Behor, asto, txerri, ardi, ahuntz eta tokiko ekoizpenen merkatuaren ondoan, gastronomia lehiaketak antolatu dituzte, mintzaldiak, tailerrak eta arratsetan kontzertuak ere bai.