![Argazkia: iStock Argazkia: iStock](https://www.enpresabidea.eus/uploads/s1/27/05/62/07/istock-1680088422.jpeg)
Aclima EAEko ingurumen klusterrak Ciclicom izeneko “berrikuntza ekosisteman” parte hartuko du. Ekosistema honek, Espainiako Estatuan, sektoreko zentro teknologikoak, enpresak eta erakundeak batzea du helburu, material konposatuen eta, zehatzago, “plastiko konplexuen” ekonomia zirkularra bultzatzeko.
Espainian soilik, mota horretako materialen merkatua 2.000 milioi euro ingurukoa dela diote adituek, eta merkatu joerak erakusten duenez, material birziklatuen eskaera geroz eta handiagoa izango da. Halaber, zenbait azterketen arabera, Europan gaur egun %20ko defizita dago plastiko berreskuratuen eskaintzaren eta eskariaren artean.
Aclimarekin batera, Gaiker Fundazioa, Espainiako plastikoen institutu teknologikoa (AIMPLAS), Plastiko birziklatzaileen Espainiako elkarteen taldea (ANARPLA), Garraioaren eta energiaren alorreko Ikerketako eta Garapeneko Espainiako fundazioa (CIDAUT) eta Valoriza Servicios Medioambientales erakundea daude proiektuaren atzean, eta CDTIren programa batek finantzatu du proiektua.
Material konposatuak kudeatzeko beharrezko teknologiak ezartzen lagunduko zaie enpresei, eta material horiek berreskuratzea, haien balioa handitzea eta berriro ekoizpen zikloan sartzea ahalbidetuko da. Bestalde, materialen berrerabiltasuna lantzen diharduten adituek formazio programak eskainiko dituzte.