• JASANGARRITASUNA
  • Ibilgailu elektrikoentzako lau puntu berri gehituko dira Mercabilbaon, Iberdrolarekin elkarlanean

Ibilgailu elektrikoentzako lau puntu berri gehituko dira Mercabilbaon, Iberdrolarekin elkarlanean

Mercabilbao inguruan deskarbonizazioa bultzatzea da hitzarmenaren helburua

Argazkia: Iberdrola | bp pulse
Argazkia: Iberdrola | bp pulse
2025eko uztailaren 21a - 11:48

Iberdrola | bp pulse eta Mercabilbaok iragarri dute ibilgailu elektrikoak kargatzeko hub ultralaster berria jarriko dutela martxan Bizkaiko elikagaien banaketa-zentro nagusiko instalazioetan. Guneak kargatzeko lau plaza ditu, hiru ibilgailu arinentzat eta bat kimoi elektrikoentzat egokitua, 200 kW-eko potentziarekin (400 kW-era handitu daiteke). Horri esker, parke mugikorraren etorkizuneko hazkundea azpiegitura berrien beharrik gabe bete ahal izango da.

 

Akordioaren helburua da Mercabilbao inguruan merkantzien garraioan eta barne-zirkulazioan deskarbonizazioa bultzatzea, inguruan dabiltzan ibilgailuentzako potentzia handiko irtenbideak eskainita. Hub-era sartzea doakoa izango da erabiltzaileentzat, ezarritako sistemak aukera emango baitu kostu gehigarririk gabe aparkalekura sartu eta hura erabiltzeko.

Azpiegitura berria Bizkaian dagoeneko martxan dauden zortzi plazei gehituko zaie, eta, hala, probintzian orotara hamabi puntu erabilgarri izango dira. Gainera, Iberdrola | bp pulse beste hogeita lau punturen garapenean ari da lanean, eta horrek sarea hirukoiztea ahalbidetuko luke datozen hilabeteetan. “Hub berriak indartu egiten du Bizkaian dugun presentzia, eta aukera ematen digu ibilgailu arinentzako zein astunentzako karga ultralasterreko soluzioak eskaintzeko, jarduera ekonomikoarentzako eta logistikoarentzako funtsezkoa den puntu batean”, adierazi du Pablo Pirles Iberdrola | bp pulseko zuzendari nagusiak.

 

Bestalde, Aitor Argote Mercabilbaoko zuzendari nagusiak azpimarratu du jarduera horrek indartu egiten duela merkatuak garapen jasangarriarekin duen konpromisoa. “Mercabilbaok jasangarritasunarekin eta berrikuntzarekin duen inplikazioa erakutsi du berriro ere, Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta 2030 Agendarekin bat eginda”, azaldu du.