Merkea garesti?

Iritsi da Black Friday ere. Aukera ona izan liteke produktuak merkeago erosteko, baina onuratik baino kaltetik gehiago duela uste dute saltoki txikiek, marka handien mesedetan. Ondorioz, deskontu eguna euren erara moldatzea edota uko egitea erabaki dute tokiko saltoki askok eta askok

Argazkia: Shutterstock Argazkia: Shutterstock

Esker Emate Egunaren ondorengo ostiralak kontsumismoa izaten du protagonista ia mundu osoan, ez Estatu Batuetan bakarrik. Milioika pertsonak betetzen dituzte merkataritza-guneak, dendek deskontu handiak eskaintzen dituzte bezeroak erakartzeko, Interneteko atariak kolapsatu egiten dira eta askok salmenta-errekorrak hausten dituzte. Black Friday -ostiral beltza euskaraz- jada oso hedatua dagoen erosketa errituala da, urtero errepikatzen dena.

Erakusleiho askotan ikus daitezke Black Friday delakoa aprobetxatuz ezarri dituzten deskontu handien iragarpenak. Lehen begiratuan, denontzat onuragarria dela dirudi, aurrezteko balio duen kanpaina hutsa. Hala ere, saltzaile batzuen arabera, kaltea baino ez du eragiten, bereziki denda txikien artean. Ondorioz, Euskal Herrian gero eta errotuago dagoen ohiturari uko egitea edo, behintzat, egokitzapen bat egitea erabaki dute zenbait saltokik.

Bilboko Serie B dendak, Basque Friday delakoa sortu du, izenean moldaketa bat egin eta gertuagoko ekimena sustatuz. Euskal diseinatzaileen produktuak erosita, %20ko deskontu balea egiten dute hurrengo erosketarako. “Zerbait orokorra egin ordez, bertako markei lagundu nahi izan diegu. Kalitate oso oneko produktuak egiten dira Euskal Herrian eta ikusgarritasuna eman nahi diegu, deskontuekin bultzadatxo bat emanez”, azaldu du Cristina Cendoya Serie B dendako jabeak. Ostegunetik larunbatera bitarte egongo da ekimena martxan, egun bakarra gutxiegi dela uste baitu Cristinak: “Kontsumismo azeleratu hori saihestu nahi dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu dendara etorritakoan produktua aukeratu, lasai probatu, ongi pentsatu eta ondoren erostea. Kontsumo arduratsua sustatu nahi dugu”.

Serie B denda: “Zerbait orokorra egin ordez, bertako markei lagundu nahi izan diegu. Kalitate oso oneko produktuak egiten dira Euskal Herrian eta ikusgarritasuna eman nahi diegu, deskontuekin bultzadatxo bat emanez”

Egokitzapenak ere alde batera utzi eta zuzenean Black Fridayrik ez egitea erabaki duenik ere bada. Atakontu dendako produktuek, esaterako, orain arteko prezioak izango dituzte asteburu honetan ere. “Saltoki txiki bat gara, ez dugu produkzio handirik egiten eta, beraz, ez dugu aparteko stockik halako egunetan saltzeko. Horrez gain, etengabeko prezio igoeren aurrean gaude eta gastu handiak ditugu. Halako proposamenek ez diete batere laguntzen gurea bezalako proiektu txikiei, marka handiei baizik. Horregatik eta beste zenbait arrazoirengatik, ez dugu Black Fridayrik egingo”. Ohar horixe zabaldu du Atakontu markak. Baina ez da bakarra, Diñagu emakume sortzaileen kolektiboaren barnean dauden ekoizleek ere ez dute ostiral beltzik egingo eta ezta beste saltoki txiki askok ere, tartean da Kool Studio Lasarteko denda ere, bere filosofiari jarraituz.

“Kontsumismo azeleratu hori saihestu nahi dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu dendara etorritakoan produktua aukeratu, lasai probatu, ongi pentsatu eta ondoren erostea. Kontsumo arduratsua sustatu nahi dugu”

Saltoki handi batzuk ere kontra

Tokiko merkatariek diotenez, marka handiak dira halako ekimenen onuradun nagusiak. Hala ere, marka handi eta ezagun batzuk ere deskontu horien aurkako mugimenduari batu zaizkio. Patagonia marka ospetsuak, esaterako, Black Fridayk suposatzen duenaren kontra egin du. Aurreko urteetan, webgunea itxi egin izan du ostiral beltzean, egun horrek bultzatutako erosketek eragindako frenesia murriztu nahian. 2018az geroztik, ordea, beste zeregin batekin dihardu data seinalatu horretan: bere dendetan arropa dohain konpontzeko aukera eskaintzen du, jantziei bigarren bizitza bat emateko. Gainkontsumoa murriztu eta hondakinen kudeaketa egoki bat bultzatu nahi du hala.

Patagoniako marketin arduradunek jakinarazitako datuen arabera, jantzi bat beste bederatzi hilabetean erabiltzeak ur eta karbono aztarnak %20 eta %30 murriztea dakar. “Ehungintzak eta modak kalte kezkagarriak eragiten dizkio ingurumenari, eta Black Friday bezalako egunek deskontu handien, denbora mugatuko eskaintzen eta azken minutuko likidazioen frenesia dakarte, erosteko presioarekin batera. Guk ez dugu horretan parte hartu nahi. Jantziak konponduta berrerabilpena sustatu nahi dugu, eta zerbait berria egiaz behar duenak, urte askoan irauteko diseinatuta dagoen arropa erostea nahi dugu”, adierazi dute.

Patagonia: “Jantziak konponduta berrerabilpena sustatu nahi dugu, eta zerbait berria egiaz behar duenak, urte askoan irauteko diseinatuta dagoen arropa erostea nahi dugu”

Ecoalf markak ere berrerabilpenaren filosofia sustatuko du. “Ez dugu Black Fridayko beherapenik egingo erosketa oldarkorra sustatzeko. Modu arduratsuago batean kontsumitzen laguntzeko alternatibak partekatu nahi ditugu. Berrantolatu eta trukatu, zaindu eta konpondu, birziklatu edo dohaintzan eman”, mezu horixe irakur liteke Ecoalfen webgunean.

Baina fenomeno hau ez da arropan bakarrik ematen ari, Ikea altzari kateak ere Green Friday deiturikoa -ostiral berdea euskaraz- bultzatu du gaurko egunerako. Lehenagotik Ikean bertan erositako altzariak berriro erosten dituzte, ondoren bigarren bizitza bat emateko. Kontsumo arduratsua eta bigarren eskuko produktuak bultzatuko dituzte ostiral honetan.

Mundu mailan merkatuaren egoeraren analisia egiteaz arduratzen den Forrester enpresa estatubatuarrak dio, maukak erakargarriak badira ere, egungo kontsumitzaileak gero eta gehiago begiratzen diola kalitateari, produktuaren iraupenari, edota ingurumenean izango duen eraginari. Askotan ateratzen baita merkea garesti.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK