• JASANGARRITASUNA
  • Trantsizio energetikoa bultzatzeko eraikin adimenduna martxan da Muskizen

Trantsizio energetikoa bultzatzeko eraikin adimenduna martxan da Muskizen

Somorrostro Heziketa Zentroan kokatutako azpiegitura berriak 1.000 metro karratuko azalera du

Energiaren Teknologien Hub-aren inaugurazioa | Argazkia: BFA
Energiaren Teknologien Hub-aren inaugurazioa | Argazkia: BFA
2026ko maiatzaren 25a - 14:37
Eg. 2026ko maiatzaren 25a - 14:41

Trantsizio energetikoa kanpotik noiz iritsiko zain egon beharrean, barrutik eraikitzen hasteko apustu berria egin da Muskizko Somorrostro Heziketa zentroan, Ezkerraldea-Meatzaldean (Bizkaia). Izan ere, gaur inauguratu da zentroan Energiaren Teknologien Hub berria: azpiegitura adimendun bat da, trantsizio energetikoarekin lotutako profil profesionalak, talentu espezializatua eta ikerketa aplikatua bultzatzeko sortutakoa. 

 

Bizkaiko Foru Aldundiak 1,5 milioi euroko inbertsioa egin du 1.000 metro karratu inguruko azalera duen azpiegituran. Heziketa zentrotik 100 metrora dago kokatuta, eta bi eraikinetan banatuta dago. Batean prestakuntza-gela modulagarriak daude, eta bestean tailer-laborategia. Hub-a eraikitzerako orduan berrikuntza- eta jasangarritasun-irizpideak bete dira, eta fatxada guztiek sentsorika dute.

“Proiektuak trantsizio energetikoari lotutako aukera profesionalak gazteei hurbiltzea, bokazio teknologikoak sortzea eta eskualdeko enpresei talentu espezializatu berria eskuratzen laguntzea du helburu”, adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiak. Somorrostroko zentroa aukera logikoa zen Hub-a bertan eraikitzeko, gaiarekin loturiko graduak eskaintzen baitira bertan: Energia Berriztagarrietako Goi Mailako Gradua, Mantentze Elektronikoko Goi Mailako Gradua, Adimen Artifizialeko eta Big Datako Espezializazio Ikastaroa eta Mantentze Industrialeko Digitalizazioko Espezializazio Ikastaroa. Are gehiago, Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan Energia Berriztagarrien Ingeniaritza Gradua ere emango da 2028-2029 ikasturtetik aurrera. 

 

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia inaugurazio ekitaldian izan da, eta “pieza estrategikotzat” jo du azpiegitura berria. Era berean, Javier Laseica Heziketa Zentroko zuzendariak esan du “aukera handia” dela inaugurazioa “trantsizio energetikoari lotutako teknologietan trebatzea erabakitzen dutenentzat”. “Bizkaian enpresen lehiakortasuna eta industriari lotutako enplegu-aukera berriak sortzen lagunduko du Hub-ak”, gaineratu du azkenak. 

Argazkia: BFA
Argazkia: BFA