Nafarroako Gobernuko Industria, Trantsizio Ekologiko eta Enpresa Digitaleko Departamentuak laguntza-deialdi berria jarri du martxan, zerbitzuen sektoreko eraikinetan energia-eraginkortasuna hobetzeko. Guztira, 2,77 milioi euroko aurrekontua izango du, Energia Eraginkortasunaren Funts Nazionaletik jasotakoa.
Laguntzak Nafarroan kokatutako sektore pribatuko eraikinetara bideratuta daude, baldin eta 500 metro koadrotik gorako azalera erabilgarria badute. Jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona fisikoek edo juridikoek eska ditzakete dirulaguntzak, baldin eta eraikinen, lokalen edo horien zatien jabeak badira. Era berean, eraikin horien ustiatzaileek, maizterrek edo emakidadunek ere jaso ditzakete laguntzak. Besteak beste, erabilera administratiboa, sanitarioa, komertziala, hezkuntzakoa, kulturala, ostalaritzakoa, kirolekoa edo garraioari lotutakoa duten eraikinak hartzen ditu deialdiak. Sektore publikoko lokalak, ordea, kanpoan geratuko dira.
Dirulaguntzek lau jarduera mota hartuko dituzte: eraikinen inguratzaile termikoa hobetzea; berokuntza- eta hozte-sistemen eraginkortasuna handitzea eta energia berriztagarriak erabiltzea; argiztapen-instalazioak hobetzea; eta eraikinen automatizazio- eta kontrol-sistemak ezartzea. Hori bai, inbertsioak ezin izango dira laguntza-eskaera erregistratu aurretik hasi. Laguntzaren zenbatekoa enpresaren tamainaren araberakoa izango da: inbertsioaren %30 finantzatuko dute enpresa handien kasuan, %40 ertainen kasuan eta %50 txikien kasuan. Energiaren kontsumoa gutxienez %40 murrizten duten proiektuek ehuneko handiagoak jasoko dituzte: %45, %55 eta %65, hurrenez hurren.
Dirulaguntza jasotzen dutenek bi urteko epea izango dute jarduerak gauzatu eta justifikatzeko, emakida-ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Nolanahi ere, epe hori ezin izango da 2030eko ekainaren 30etik harago luzatu. Halaber, etzi, azaroaren 11n, irekiko da eskaerak egiteko epea.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta