
Oarsoaldeako Garapen Agentziak Biratu izeneko proiektuaren emaitzak aurkeztu ditu gaur. Proiektuaren bitartez Oiartzun, Errenteria, Lezo eta Pasaiako zenbait enpresen datuak jaso dituzte, sektorekako azterketa egiteko; hala, energia eraginkortasuna eta hondakinen murrizketa sustatu nahi dira, alegia, ekonomia zirkularrerako trantsizioa bizkortu nahi da. Aldi berean, eskualdeak jasangarritasunean eta berrikuntzan erreferente gisa finkatzeko “oinarriak zabaldu nahi ditu”.
Emaitzen arabera, industriako sektoreko enpresen %83k jasangarritasun-plan estrategikoak ditu, %73k energia berriztagarriak erabiltzen dituzte, baina soilik %25ek aipatzen dute ekonomia zirkularra hondakinen kudeaketan. Horrez gain, inkestatutako industria enpresen %67k plaka fotovoltaikoak instalatu zituen.
Nekazaritzaren sektoreari dagokionez, bi erronka identifikatu dira: batetik, hondakin organikoen %65 balioztatzea 2026. urtea baino lehen, eta, bestetik, Ontzien Lege berrira (2025) egokitzea.
Ostalaritzaren sektorean bi lehentasun ezarri behar direla ondorioztatu da: elikagaien-hondakinen %30 murriztea lortu behar da, baita prozesuak digitalizatzea ere. Izan ere, ostalaritzako lau enpresetatik bakarrak ezarri du digitalizazio prozesuren bat.
Proiektuaren amaiera “aparteko balantzearekin” itxi du Oarsoaldeak: “30 enpresa eraldatuta, aliantza estrategikoa sendotuta eta datozen urteetarako ibilbide—orri argiarekin”. Proiektua garatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketa eta Naiderren laguntza teknikoa jaso du eskualdeak.