• JASANGARRITASUNA
  • Plastikorik gabeko basoak helburu dituen euskal proiektuaren loraldia

Plastikorik gabeko basoak helburu dituen euskal proiektuaren loraldia

Isabel Abascalek gidatutako Compostree 'start-up'-ak jauzi kualitatiboa eman du azken hiru urteetan: prototipoetatik ekoizpen industrialera igaro da. Irunen finkatu du bere fabrika eta zortzi tona plastiko aurreztu ditu basoberritzetan

Compostreeren sortzaile Isabel Abascal zuhaitzak babesteko material biodegradagarriarekin | Argazkia: utzitakoa
Compostreeren sortzaile Isabel Abascal zuhaitzak babesteko material biodegradagarriarekin | Argazkia: utzitakoa
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2026ko apirilaren 30a - 05:30
Eg. 2026ko apirilaren 30a - 08:06

Duela hiru urte, Isabel Abascalek BBK Ekin saria jaso zuenean, asmo handiko amets bat besterik ez zena gaur egun errealitate industrial finkatua da. Compostree proiektua basoberritze lanetan erabiltzen diren plastikozko babesgarriei alternatiba jasangarria emateko jaio zen eta horretan dihardu. "Zuhaitzak babesteko material biokonpostagarriak eta zirkularrak garatzen ditugu, naturan hondakinik ez uzteko", azaldu du Abascalek. Finantza mundutik ekintzailetza berdera egindako jauziak fruituak eman ditu, eta gaur egun, start-upa erreferente bilakatu da ekonomia zirkularraren esparruan, basoak babesteko modu berri bat proposatuz.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Prototipotik ekoizpen industrialera: Zero kilometro filosofia

Compostreeren eboluzioa geldiezina izan da azken urteetan. Hasierako proiektuan, xafla soilekin egindako prototipoak erabiltzen zituzten, baina, gaur egun, produktua erabat eraldatu da. "Lehen prototipoetatik asko aldatu gara; orain hodia modu jarraituan fabrikatzen dugu, geruza bikoitzeko zelula-egitura batekin, kartoiaren itxura duena", dio zuzendari orokorrak. Aldaketa ez da diseinura mugatu; materialaren konposizioa bera hobetu dute, elikagaien industriako hondakinak txertatuz. Horrek produktu "zirkularra" bihurtzen du babesgarria biodegradagarria izateaz gain, hondakinei balioa ematen dielako.

compostree 1
Plastikoa aurrezteaz gain, hondakinei balioa ematea bilatzen du Compostreek | Argazkia: utzitakoa 

Ekoizpenari dagokionez, Abascalek hasieran hainbeste kostatzen zitzaion helburua lortu du: "Tirada industrialak egiten ditugu dagoeneko, eta babesgarriak Irunen fabrikatzen ditugu; guretzat oso garrantzitsua da zero kilometro izatea". Lantaldea ere hazi egin da; bi emakumek hasitako bidea sendotu da, eta gaur egun bost pertsonako taldea osatzen dute, datozen bi urteetan beste hiruzpalau lagun kontratatzeko aurreikuspenarekin.

 

Lege aldaketaren aldarrikapena

2024-2025 eta 2025-2026 kanpainak bikainak izan dira, eta sektore publikoa izan da Compostreeren bezero garrantzitsua: "Bizkaiko Foru Aldundiak guregan konfiantza izan du, baita Madril, Getxo, Eibar edo Ziortza-Bolibarreko udalek ere". Hala ere, oraindik bidea egiteko dagoela dio, eta Arabako edo Nafarroako aldundietako teknikariek alternatiba hau ezagutzeko deia egin du. Sektore pribatuari dagokionez, Iberdrola bezalako enpresak hasi dira probak egiten, karbono-aztarna sortzerakoan "ko-onurak" bilatu nahian. "Ondo dago zuhaitzak landatzea karbono-aztarna konpentsatzeko, baina askoz hobeto babesgarri zirkularrak erabiliz egiten bada", zehaztu du Abascalek.

Compostreeren hurrengo mugarri nagusia "aldaketa sistemikoa" lortzea da. Hau da, administrazio publikoek beren lizitazioetan babesgarri biodegradagarriak exijitzea. "Gure erronka nagusia sentsibilizazioa da; askotan plastiko konbentzionalarekin alderatzen gaituzte prezioan, baina ez dute kontuan hartzen plastiko hori menditik kentzeak duen kostua. Zoritxarrez, plastiko hori mendian uzten dute sarri", adierazi du. Horregatik, ikerketan jarraitzen dute hondakin organiko berriekin, ekoizpen prozesua merkatzeko eta prezio lehiakorragoak eskaintzeko.

Isabel Abascal: "Ondo dago zuhaitzak landatzea karbono-aztarna konpentsatzeko, baina askoz hobeto babesgarri zirkularrak erabiliz egiten bada"

Mugak gainditzeko asmoa ere argia da. Euskal Herritik kanpo, Erresuma Batuan hasi dira lehen probak egiten, han jarritako babesgarrien portaera monitorizatzen. "Oinak azeleragailutik kendu gabe" jarraitzeko asmoa du Abascalek, bere marka Europa mailan ezagutzera emateko.

Gauzak hala, datu esanguratsu batek erakusten du proiektuaren benetako tamaina. 2025 eta 2026 urteetako kanpainak kontuan hartuta, Compostreek lortu du zortzi tona plastiko inguru mendian ez geratzea. Kontuan hartuta plastikozko babesgarri bakoitzak 150 gramo inguru pisatzen dituela, 20.000 zuhaitz baino gehiago babestu ditu ingurumena kutsatu gabe. "Zortzi tona plastiko dira ekidin ditugunak; izugarria da. Horrez gain, balioztatu dugun hondakin organiko guztia dago", borobildu du Abascalek, pozik, Compostree basoberritzearen paradigma aldatzen ari dela ikusita.