Enercluster Nafarroako Energia Clusterrak antolaturiko Trantsizio Energetikoaren Nazioarteko Kongresuak energiaren esparru askotan jarri zuen fokua. Aldarrikapenak izan ziren, Jordi Hereu Espainiako Industria eta Turismo ministroak eginikoak esaterako, Europak garatu behar duen "autonomia estrategikoa"-ri buruzkoa. Teresa Ribera Europako Batzordeko Trantsizio Garbi, Justu eta Lehiakorreko presidenteordeak aukera kostuez arit zen, bideo bitartez eginiko agerraldi baten. Eta kongresua Iruñeko Baluarte Jauregian egin zenez gero, María Chivitek Nafarroako gobernuko presidenteak hartu zuen hitza lehiakortasuna irabazteko ekoizpeneko ekonomiak izan behar duen rolaz aritu zen, eta balioan jarri zuen sektoreko enpresa nafarrek egiten duten ekarpena, adibidez, lana sortzeko.
Atzoko ekitaldiaren protagonista nagusiak, baina, beste batzuk izan ziren: energia eolikoa, fotovoltaikoa, hidrogeno berdea... eta sareak. Sareetan egin beharreko egokitzapenez eta sortzen diren aukerez eztabaidatzeko panela osatu zuten Concha Sánchez Red Eléctricako Operazioen zuzendariak, José Manuel Pérez EDP-Espainiako Erregulazio zuzendariak, Alfredo García-Borreguero Hitachi Energyko Espainiako zuzendari nagusiak, eta Eduardo Pedrosa Ingeteameko Transmisio eta Banaketako zuzendariak.
"Itzalaldiaren harira, hedabide ugaritan ezbaian jarri da ea gaurko sareak prest dauden energia berriztagarri gehiago hartzeko. Eta orain galdera hori nik zuei luzatzen dizuet: zein iritzi duzue sareez? Prest al daude?", mahaigaineratu zuen moderatzaile lanetan ari zen Héctor de Lama UNEFeko zuzendari teknikoak. "Bai edo ez erantzun integratu nahi dugunaren araberakoa izango da. Trantsizio horretan, hainbat elementu daude, eta sarea horietako bat da. Ezinbesteko elementua, baina beharrezkoa izanik ere, ez da nahikoa", adierazi zuen Red Eléctrikako Operazioen zuzendariak. "Urteetan ahaztu egin ditugu, eta orain lehen lerroan daude eta eskatu egiten ditugu", adierazi zuen Hitachikoak.
Concha Sanchez (Red Eléctrica): "Trantsizio horretan, hainbat elementu daude, eta sarea horietako bat da. Ezinbesteko elementua, baina beharrezkoa izanik ere, ez da nahikoa"
Gainera, trantsizio energetikoa bultzatuko duten askotariko plangintzak egiterakoan, aldaketak sumatu dituzte parte hartzaileek. "Lehen garrantzia ematen zitzaion konexio puntuak eskaintzeari sorturiko energiaren garraioa ez zedin eten; orain fokua honakoa da: energia sortzeak zentzua du betiere kontsumoa badago", adierazi zuen Sánchezek. "Nolabait esatearren, energia berriztagarrien bigarren fasean murgilduta gaude egun. Lehenengoa duela 20 urte hasi zen, eta fokua ekoizpenean jartzen zuen; eta oraingo egoerak eskatzen du kontsumoari erreparatzea. Zentzu horretan, planifikazioa albiste ona iruditzen zait", adierazi zuen Hitachikoak.
Energiaren garraioari loturiko plangintzari buruz ari dira, besteak beste, Espainiako Gobernuak garaturikoa, duela hamar egun kontsulta publikoko fasean sartu zena. "Plangintza horretan apenas ez da jasotzen zenbat energia berriztagarri gehiago hartuko liratekeen aintzat. Baina bai zehazten da 26 G gehiagoko eskari gehigarria hartu ahalko duela", azaldu zuen EDPkoak. "Denera borradore berrian jasotzen denez 160 Gko instalazioaz ari gara. Etxeko instalazioetan duguna bider 1.3 litzateke hori", argitu zuen Ingeteamekoak.
Inbertsioaren eta erregulazioaren konplexutasuna
"CNMCk —Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzordeak— plangintzarekin bat datorren orainsariarekin lagundu behar du. Momentuz, albiste ona da inbertsioaren muga handitu izana, fokua kontsumoan jartzeaz gain", nabarmendu du Hitachi Energyko García-Borreguerok. Asteazkenean CNMCk onarturiko Red Eléctricaren ordainsariaz ari da oraingoan. 9.500 milioi izango dira 2026-2031 epealdirako, eta tasa finantzarioa %6,46an mantenduko da. "Kontua da guk ez dakigula zenbateko ordainsaria izango dugun, eta gainera sistema berria izango da indarrean", esan zuen EDPkoak. Inbertsioa egiten denetik horren ordainketa jaso arte bi urte pasa ohi dira.
"Guri ziurtasunak laguntzen digu, zer egin nahi duten ulertzeko, eta gure planak horretara egokitu ahal izateko", kontatu zuen Ingeteamekoak. Edozein kasutan, malgutasun beharra ikusten du Pérezek, baita Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko ministerioaren eta CNMCren erabakiek eskutik joateko beharra ere. Horrekin batera, tasa finantzarioa aktibo bati aplikatzen zaio, baina beste herrialde batzuetan ez bezala, aktiboa ez da eguneratzen. "Malgutasun gehiago izan beharko litzateke kalkulua egiteko formula horretan. Telekomunikazioetan edo Gas Naturalean aintzat hartzen direnak —beta tasa eta arrisku saria, hurrenez hurren— aintzat hartuta puntu batean hobetuko litzateke", kontatu du EDPkoak.
Alfredo García-Borreguero (Hitachi Energy): "CNMCk plangintzarekin bat datorren orainsariarekin lagundu behar du. Momentuz, albiste ona da inbertsioaren muga handitu izana"
"Gaia elektromekanikoki konplexua bada, are gehiago erregulazioari dagokionez, garatzen ari bada ere", kontatu zuen Ingeteamekoak. "Bai energia sortzaileek, bai banatzaileek, konkurtsoetara aurkeztutako proposamenetan blokeoak bizi ditugu egun. Eta uste dut administrazioa bizkorragoa izatea gako litzatekeela atzean ez geratzeko", gaineratu zuen EDPkoak.
Itzalaldiak aldatu duena
Itzalaldiak sisteman ekarritako aldaketei buruzko hausnarketa ere eskatu zien moderatzaileak parte hartzaileei. Red Eléctrican, adibidez, tentsioaren etengabeko kontrola izateko sistema ezinbestekotzat jo dute, eta hori indartzeko prozedura onartu berri dute ekainean. "Egin duguna da parte hartzea areagotu tentsioaren etengabeko kontrolean. Esaten ari garena da ehunka hornitzailetik milaka hornitzailera igarotzea, eta sistema berrien garapena bizkortzea", azaldu zuen Sánchezek.
Momentuz ehundik gora eskaera jaso dituzte, eta badira beste eremu batzuetan arituriko hornitzaileak eskaera zabaltzen ari direnak. Eskaera onartzeko informazioa eta gaitasuna erakutsi beharko dira. "Gure aldetik, saiatuko gara ahalik eta bizkorrenak izaten gaitze hori ahalbidetzeko", gehitu du. Helburua da hornitzaile horiek urtarriletik aurrera txertatzea sisteman, hala jasotzen baitu PO-74 delakoak. Hala ere, behin baimena jasota, aukera eskainiko dugu urtarrilera bitarte boluntarioki aritzeko, pizgarri batekin. Gainera, tentsio horren kontrola ez dute soilik energia ekoizten dutenek egingo, bestelako hornitzaileek ere parte hartzeko aukera izango baitute.
José Manuel Pérez (EDP): "Bai energia sortzaileek, bai banatzaileek, konkurtsoetara aurkeztutako proposamenetan blokeoak bizi ditugu egun. Eta uste dut administrazioa bizkorragoa izatea gako litzatekeela atzean ez geratzeko"
Sistema funtzionamenduan sartzeko prozesua pixkanaka egingo da, eta kontrol horrek ahalbidetuko du zerbait gertatzen bada, horren arabera jardutea. Era berean, Sanchezek ez ditu egokitzapenak baztertzen. "Tentsio-kontrol horretan eragile berriak sartu ahala eta hartu ditugun neurriek duten eraginkortasuna ikusi ahala, neurri horien parametroak doitu ahal izango ditugu", azpimarratu zuen.
Gehiago hitz egiteko beharra
Edozein kasutan, saretze lana eta elkarlana ezinbestekotzat jo ditu. "Sareetan lan egingo badugu ezinbestekoa da errekurtso guztiekin lan egitea. Kontsumoak aldakorrak izango baitira, baliabideak ere... Eta denek laguntzea ere gako da", adierazi zuen.
Eduardo Pedrosa (Ingeteam): "Epe ertain-luzera lan egiten dugunez, teknologien garapenez eta plangintza prozesuez ere aritzea ezinbestekoa da"
"Eragile ikuspegitik industria elektriko oso indartsua dugu, baita efizientea eta jantzia ere. Uste dut gehiago hitz egin behar dugula. Ez soilik kontsulta publikoak egokitzen direnean. Epe ertain-luzera lan egiten dugunez, teknologien garapenez eta plangintza prozesuez ere aritzea ezinbestekoa da, lankidetza bultzatzeko, amaitu du Pedrosak.