
2024. urtean medikamentuen birziklapena %4,21 hazi zen EAEn, 2023aren aldean, SIGREk argitaratutako txostenaren arabera. Gainera, lau etxetatik hirutan birziklatzen dira horrelako produktuak.
SIGRE irabazi asmorik gabeko erakundea 2001ean sortu zuen industria farmazeutikoak, medikamentuen kutxak eta sendagai-hondarrak behar bezala kudeatzea helburu izanik, ingurumenaren mesedetan. Gauzak horrela, kalkuluen arabera 2024. urtean EAEko biztanle bakoitzak 105,72 gramo hondakin bildu zituen SIGREk horretara bideratutako guneetan, zeinak EAEko 842 farmazietan banatuta dauden.
Sendagaiak dagokion eran birziklatzea garrantzitsua da ibaiak eta lurzorua kutsatzea ekidin dezakeelako, baita pertsonek iraungitako produktuak ahoratzea saihestu dezakeelako ere. Hala ere, SIGREko zuzendari orokor Miguel Vegak gogorarazi du “ezin dela ahaztu hondakinik onena sortzen ez dena dela”.