Smurfit Kappak 27 milioi euroko inbertsioa egingo du Iurretako lantegian, jasangarritasuna hobetzeko

Besteak beste, kare labe berri bat eta isuriak tratatzeko azken teknologiako sistema bat ezarriko dituzte

Smurfit Kapparen Iurretako lantegia | Argazkia: Smurfit Kappa Smurfit Kapparen Iurretako lantegia | Argazkia: Smurfit Kappa

Smurfit Kappak 27 milioi euroko inbertsioa egingo du azken belaunaldiko hondakinak kudeatzeko eta berreskuratzeko planta berri batean, Iurretako (Bizkaia) Smurfit Kappa Nervion paper fabrikan. Inbertsio horrekin, kaustikazio planta handitu eta optimizatuko da, bai eta kare labe bat eta isuriak tratatzeko azken teknologiako sistema berri bat ezarri ere.

Sistema horren ekoizpen ahalmena egunean 120 tona karekoa izango da. Hala, sistema zirkular berri horri esker, gaur egun plantaren fabrikazio prozesuan sortzen diren kaltzio karbonatoaren hondakinak kare bihurtuko dira, eta, ondoren, lehengai gisa berrerabili ahal izango dira, ingurumena nabarmen hobetuz.

Konpainiak jakitera eman duenez, gasak tratatzeko sistema berriak erabat betetzen ditu Europako Parlamentuaren 2010/75/EB zuzentarauak araututako ingurumen isurien betekizunak. Gainera, instalazio berriak Eusko Jaurlaritzaren airearen kalitatea kontrolatzeko sarera konektatutako analizagailu jarraituak izango ditu, lantegiko gainerako instalazioek dutena bezalakoa.

Smurfit Kappak lantegian ekoizpen prozesu zirkular bat ixtea lortu asmoa du, eta azken hau litzateke 2025erako jasangarritasun konpromisoak betetzeko eta isuriak murrizteko konpainiak orain arte martxan jarri duen proiekturik handiena.

Rafael Sarrionandiak, Smurfit Kappa Nervion eta Espainiako Kraft Specialtieseko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, inbertsio horrek agerian uzten du Smurfit Kappak konpromiso argia duela Nerbioiko paper lantegiarekin, 75 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin baitu azken hamarkadan. “Kare labe berriak are eraginkorragoak eta iraunkorragoak izatea ahalbidetuko digu, eta horrek, aldi berean, mesede egingo die gure langileei ere. Lantegiaren etorkizuna bermatuko duen oinarri sendoa finkatu dugu”, adierazi du. Era berean, karezko labe berriarekin eta gasak tratatzeko sistemarekin material gehienak berreskuratu eta berrerabili ahal izango dituztela gaineratu du.  

Proiektua eraikuntza fasean dago eta, aurreikuspenen arabera, 2023a amaitzerako martxan egotea espero da. Ekimena Smurfit Kappa Nervion eta sektorean diharduten enpresa teknologiko nagusien artean garatu da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK