• JASANGARRITASUNA
  • Tecnaliak eta Euskal Itsas Foroak martxan jarri dute itsas sektorea deskarbonizatzeko proiektua

Tecnaliak eta Euskal Itsas Foroak martxan jarri dute itsas sektorea deskarbonizatzeko proiektua

Laborategi berria ere irekiko du zentroak, trantsizio energetikorako estrategiak lantzeko

Argazkia: Tecnalia
Argazkia: Tecnalia
2025eko maiatzaren 19a
Eg. 2025eko maiatzaren 19a

Trantsizio energetikoaren eta jasangarritasunaren gaiak puri-purian daude eta Tecnaliak ez du atzean geratu nahi. Izan ere, itsas sektorea deskarbonizatzeko helburua duen proiektu berria garatzen ari da zentro teknologikoa, Euskal Itsas Foroarekin elkarlanean.

 

Harpooners izena duen proiektuaren bitartez goi-tentsioko propultsio sistemak sortu nahi dituzte, itsas garraio jasangarria sustatzeko soluzio eraginkorrak sortuta. Zehatz-mehatz, teknologia berria sortu dute zeinaren bidez energia era seguruagoan biltegiratuko den ontzi txiki eta ertainetan, eta, hala, ingurumen inpaktua txikituko da, baita karbono dioxidoaren emisio kutsatzaileak ere. Gainera, itsasontziak ekoizteak dakartzan gastuak eta mantentze-gastuak murriztuko dira.

Proiektuak nazioarteko hamahiru erakunderen laguntza jaso du, besteak beste, AIT Austrian Institute of Technology-rena (Austria), Vrije Universiteit Brussel-ena (Belgika) eta Grimaldi Euromed SpA-rena (Italia)

 

Plangintza energetikorako laborategi berria

Gaiari jarraiki, zentro teknologikoak Joint Research Laboratory on Energy Planning (JRL ePLAN) izeneko laborategia aurkeztuko du ekainaren 2an, EHUrekin eta Basque Center for Climate Change Bc3-rekin lankidetzan. Laborategia hiru erakundeek deskarbonizazioa sustatzeko hitzarmenari esker sortu da.

Gune berrian trantsizio energetikoko estrategiak lantzeko tresna eta metodologiak landuko dira. Hala, talde berezia sortuko da plangintza energetikoaren arloa ikertzeko, hau da, “etorkizuneko behar energetikoak eta horiei eman beharreko arreta egokia ziurtatzeko jarduerak aurrez ikusteko”.

Gaur egun ekimenak hemezortzi ikertzaile ditu, eta 2027rako hogeita hemezortzi adituko taldea osatzea aurreikusten dute.