Trantsizio berdearen errealitateari orainalditik erreparatzea ezinbestekoa da. Izan ere, dagoeneko hasia da gure ekosistemak eraldatzen, eta horixe erakusten du, hain zuzen ere, Ingurumen trantsizioa EAEn eta Nafarroan izeneko txostenak. Laboral Kutxako Ikerketa departamentuak garatua, atzo aurkeztu zuten Bilbon Ibon Urgoiti Laboral Kutxako Negozio Garapeneko zuzendariak eta Joseba Madariaga Ikerketa Departamentuko zuzendariak.
Eginiko lanak argi uzten du "arlo berdea ez dela sektore bat" eta "trantsizioak sistema osoan jardutera behartzen duela". Zentzu horretan, pozik dago Madariaga, azken urteetan Europak ingurumenaren aldagaiari lehiakortasuna ere txertatu diolako.
Are gehiago, Laboral Kutxako ordezkariek arriskutzat ere jotzen dute ekoizpen-prozesutik bereizitako "ekonomia berde" baten garapena, hainbat sektoreri eragiten dien esparrua baita, tartean industriari, eraikuntzari, energiari edota garraio eta logistikari. "Kontua ez da, besterik gabe, zenbat lanpostu berri agertzen diren berde deitzeko moduko enpresetan. Kontuan hartu behar da dagoeneko badauden enpresen barruan zereginak, profilak, konpetentziak eta inbertsioak nola aldatzen diren", esan zuen Urgoitik.

Hori hala izanik ere, kasu guztietan ez da erraza ikuspegi zabal hori aintzat hartuko duten datuak ematea, eta hori ere argi uzten du txostenak. Esaterako, BPGarekiko zenbateko ekarpena egiten duen kalkulatzerakoan, ingurumen jarduerari erreparatzen dio, eta kasu horretan bai sartzen dela industria edo eraikuntza bezalako sektoreek egiten duten ekarpena. Hori dena aintzat hartuta, esan daiteke EAEko BPGren %2,47 suposatzen duela ingurumen jarduerak, horietatik %47 arestian aipatutako bi sektoreetatik datorrelarik.
Enpleguetan, baina, ikuspegi zabal hori mantentzea zailago suertatzen da, eta bereizi egiten ditu enplegu "hertsiki berdeak" eta "potentzial berdeko jarduerak". Lehenak kalkulatzeko, Ingurumeneko Ondasun eta Zerbitzuen Kontuak abiapuntu ditu eta neurketa "kontserbadorea" dela diote. Horren arabera, enplegu guztien %2,6 dira "hertsiki berdetzat" jo daitezkeenak. 26.643 lanpostuz ari gara. Aitzitik, "potentzial berdeko jarduerei" edota "ingurumen-trantsizioak eralda ditzakeen jardueretan diharduten pertsonei" erreparatuz gero, beste %10,2az ariko ginateke, 104.236 postuz, alegia.
Zifra hori areagotu egin daitekeela ere uste du finantza erakunde kooperatiboak, 2030erako 2.969 enplegu gehigarri sortuta. Hego Euskal Herrian 136.673 lanpostu lirateke orotara, baina "baldintzatuta dagoen zenbatespena" dela nabarmendu du Madariagak, askotariko faktoreen araberakoa.
Enpleguen aldaketa eta energia sistemaren berregituraketa
Egoera hori izanik, bost erronka nagusi identifikatu ditu Laboral Kutxak trantsizio berdearen testuinguruan. Lehena, gizarte gisa onartzea enpleguak aldatu egingo direla eta gaitasun berriak beharko direla, sektore tradizionaletan besteak beste. Horrekin oso lotuta dagoen beste zerbait: bizitza osorako prestakuntza ezinbesteko elementu bihurtuko da, eta horretarako prest izan behar dira enpresak, lanean hasi berri direnak zein hainbat urtez lanean aritu direnak ere.
Erronka are nabariagoa segur aski talentuaren profilekin lotua dago. Hainbat profiletako langileak behar dira, ingeniaritza "mekaniko, elektriko eta elektronikokoak", zein "datuei, adimen artifizialari, energia-efizientziari, sareei eta mantentze-lanei lotutakoak" kasu.
Laugarren erronkak zerikusi handia du energiarekin. Madariagak gogorarazi duen bezala, egungo energia menpekotasuna %90,1ekoa da: "desindustrializatu gabe deskarbonizatzekotan, energia garbia behar da, bai, baina baita eskuragarria, egonkorra eta segurua ere". Ezin da ahaztu 2010-2012az geroztik EAEko energia kontsumoaren beherakada %10,2koa izan dela, eta zifra Europako batez bestekoa (%6,3) baino hobea bada ere, garraioen isurtzeek %9,1 eign dute gora. Horregatik guztiagatik, energia sistemak ez ditu soilik berriztagarri gehiago behar, baizik eta sareak, biltegiratzea, interkonexioak edota eskariaren plangintza aproposa ere, adibidez.
"Trantsizioa aukera bihurtuko da, lehiakortasun, kalitatezko enplegu eta energia-erresilientzia bihurtzea lortzen badugu. Gaizki kudeatzen bada, kostuak handitu, desorekak sortu eta jarduera ahuldu dezake", amaitu du Madariagak.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta