• JASANGARRITASUNA
  • Turismoaren eragina neurtzeko tresna digital berria erabiliko du Gasteizko Udalak

Turismoaren eragina neurtzeko tresna digital berria erabiliko du Gasteizko Udalak

Udalak turismo jasangarria sustatu nahi du; helburu hori betetzeko asmoz jarri du martxan AAn oinarritutako SIT tresna digitala

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko urriaren 26a - 13:15
Eg. 2026ko urriaren 26a - 13:48

Turismoaren gaineko informazio xehea jaso asmoz, Gasteizko Udalak Inteligentzia Turistikoko Sistema (SIT) jarri du martxan. Udalak 112.000 euroko inbertsioa egingo du tresna berri hori garatzeko, zeina adimen artifizialean oinarrituko den. 

 

Besteak beste, berritasuna gai izango da hiriko ostatuen eskaria zein eskaintza zenbatekoa den hautemateko, bisitarien profila eta haien portaerak ezagutzeko, eta turismoak hiriburuari egiten dion ekarpen ekonomikoa neurtzeko. María Nanclares Sustapen Ekonomikoko, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak adierazi duenez, hori guztia baliagarria izango da "gure hirian turismo jasangarriaren kudeaketan aurrera egiteko".

SIT izeneko tresnak zenbait iturri ofizial erabiliko ditu datuak jasotzeko, hala nola INE, Eustat, Basquetour, Dataestur, Gizarte Segurantza eta EAEko Turismo Enpresa eta Jardueren Erregistroa (REATE). Era berean, jasotako datu eta informazio oro herritarren eskura jarriko du, plataforma ireki baten bitartez. Udalak berak jakinarazi duenez, sisteman informazio-iturri berriak txertatzen joango dira, "Gasteizko turismo-jarduerari buruzko ezagutza zabaltzeko eta informazio premia berriei erantzuteko".

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain