2022ko oporrak: Carpe Diem

Pandemiako bi urte eta gero uda "normalaz" gozatzeko irrikitan dago gizartea. Inflazio goranzkorrak eta ekonomiaren moteltzearen mamuak ez diote kemenari oztoporik jarri eta herritarrek oporretan gastatzeari ekin diote, horretarako zorpetu behar badira ere

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Leher eginda gaude. Nekeak jota. Neke guztiek jota, gainera. Neke pandemikoa, neke fisikoa eta psikologikoa, beroak egindako nekea... neke guztiak pairatu ditugu eta horien bilduma egin dugu. Argi dugu atseden beharrean gaudela eta merezitako oporrak irabazi ditugula. Badago, gainera, aste hauetan mehatxuka dugun beste neke bat: ekonomia datuak itxura grisa hartzen ari dira, eta badirudi agindu zizkiguten aurreikuspen ekonomikoak ez direla bete behar. Inflazioaren joera gero eta malkartsuagoa da eta herritarren erosteko ahalmena ahultzen ari da. EnpresaBIDEAn ekonomia jorratzen saiatzen gara, eta testuinguru ekonomikoaren jakitun gara. Hala ere, argi dugu oporrak behar ditugula.

"Udaz gozatuko dugu gurea delako, irabazi egin dugulako" . Esaldia, baina, ez da gurea (nahiz eta itsu-itsuan bat etorri). Pepe Álvarez Espainiako UGT sindikatuko idazkari nagusiaren esaldia da. Duela astebete esan zuen, bere sindikatuaren elkarretaratze baten bukaeran. Eta ez hori bakarrik. Mezu ezkorrak bidaltzen dituztenei ere beste mezu bat igorri zien: "Egunero krisi egoera batean sartuko garela eta uda ostean zer datorren ikusiko dugula diotenak" pikutara bidali zituen.

Lider sindikal bati horri entzuteak bitxia iruditu badezake ere, Álvarezen hitzak oso errotuta daude gizartean eta datuek argi islatzen dute. Murrizketarik gabeko lehen uda izango da 2022koa, eta jendea gogotsu dabil oporretan joateko. Ez da, baina, joera berria. 2022ak oso datu onak utzi ditu turismoaren eremuan, eta aurrikuspenak ere onak dira.

Turismo datu onak 2022an

Nafarroan, esaterako, maiatza bitarteko datuak oso onak izan dira. 596.626 bidaiari jaso zituen, iaz baino % 83 gehiago. Gaualdiek ere gora egin dute, iaz baino % 25 gehiago. Bilakaeraren argazki ona egiteko 2019ra egin behar dugu atzera, pandemiaren aurreko garaietara, eta alderaketa ona da: gaualdiak % 32 igo dira. Igoera establezimendu mota guztietan jazo da, baina, batez ere, apartamentu turistikoetan (% 356ko igoera aurreko urtearekin alderatuta). Igoerak enpleguan eragina izan du, eta gizarte segurantzako izen-emateek % 16,1 egin dute gora.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, bilakaera antzerakoa izan da. 2021ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako turismoak ez zuen lortu pandemia aurreko datuetara hurbiltzea, baina 2022an abiadura hartu eta maiatzean 2019ko datuak gainditu ditu. Maiatzean gaualdiak % 168,6 igo dira 2021eko maiatzaren aldean. Gipuzkoak izan du hazkunderik handiena, eta Arabak, aldiz, apalena.

 Inflazioa da turismo alorreko eragileen kezka nagusia, baina, gaur gaurkoz, jendearen oporretarako gogoa nagusitu zaio prezioen gorakadari

Ipar Euskal Herrian ere 2019ko bisitari kopurura heltzea espero dute. Euskal Elkargoak turismo bulego guztiak kudeatzen ditu Baiona, Miarritze, Kanpo, Bidarte eta Hendaiakoa izan ezik, eta bere esku dauden bulegoetako datuei erreparatuta 9.750.000 bisitari izan zituzten iaz. Kudeatzen ez dituzten herrietan datuak antzerakoak dira. 2022rako aurreikuspen onak dituzte.

Eskaintza ere gora

Udarako aurreikuspen ona dute turismo arloko eragileek, baina argazkia herrialdez herrialde aldatu egiten da. Nafarroan, esaterako, uda hasieran izandako suteek kalte nabaria egin diote turismoari. Nekazal turismoen % 19k azken orduko ezeztapenak izan zituzten. Aurreikuspenak, hala ere, onak dira eta abuztuko lehen hamabostaldian landetxeen erdiak erabateko okupazioa izango du. San Fermin jaiek ere turismoari hauspoa eman diote Nafarroan, Iruñerrian batez ere, dira inflazioak prezioak % 10 igotzea ekarri badu ere. Inflazioa da turismo alorreko eragileen kezka nagusia, baina, gaur gaurkoz, jendearen oporretarako gogoa nagusitu zaio prezioen gorakadari. 

Joseba Goirigolzarri Zenit Hotelen kateko arduraduna eta Bilbao Destino elkarteko presidentea da. Zenit kateak hotelak ditu Bilbo, Donostian eta Iruñean. Goirigolzarrik nabarmendu duenez, inflazioa ez da oztopo izan jendeak hotelak erreserbatzeko: "Jendeak oporretan joan nahi du eta prest dago prezio igoera ordaintzeko". Bilboren kasuan, esaterako, jende gehiago etorri dela oso agerikoa dela dio. Eskariaz gain, eskaintza ere igo delako. Azken hiru urteetan 1000 logela berri eskuragarri dute Bilbo bisitatu nahi duten turistek, hotel eta apartamentu turistikoen artean. Euskal Herrian antolatzen diren enpresa eta kultur jarduerek egonkortasuna bermatzen diete hotelei bere ustez. BBK Live jaialdia, Jazzaldiak edo Donostiako Zinemaldia horren adibide dira, baina baita enpresen biltzarrak edo Makina-Erremintaren Biurtekoa ere. Udari begira, okupazio maila altua espero dute Bizkaiko hiriburuan, % 85 ingurukoa. Donostian ere momentu onak espero dituzte, baina urte hasiera txarra izan dela azpimarratu nahi izan du. Turismo mota aldatzen ari dela adierazi du Goirigolzarrik. Espainiatik kanpo datozen bisitariek lauzpabost hilabeteko aurrerapenarekin erreserbak egiten badituzte ere, Espainiakoak azken asteetara arte itxaroten dute.

Eguraldia lagun dute Euskal Herriko hotelek. Iberiar penintsula pairatzen ari den beroaldiari aurre egiteko bisitariek nahiago dituzte klima freskoagoak, eta hori bestelako jomuga turistikoen aurrean abantaila da. Goirigolzarriren ustez "Termometroari begira egiten du hainbatek erreserba, eta horrek mesede egiten digu".

Joseba Goirigolzarri: "Termometroari begira egiten du hainbatek erreserbak, eta horrek mesede egiten digu"

Aurrikuspenei dagokienez, baikor da Gorigolzarri udari begira, baina udazkenari begira ezkorragoa da. Urrira arte hainbat erreserba bermatuta daudela dio, baina azarotik aurrera egoera asko okertu daitekeela uste du. Badira ezkor izateko arrazoiak. Atzo bertan Paolo Gentiloni Europako Batzordeko komisarioak Pedro Sánchez Espainiako presidenteari zuzendu zitzaion udako turismo sasoiari buruz dituen aurreikuspen onak "ia ez ote diren irudipen labur bat izango" galdetzeko. Udaren ostean, negu gogorra etor litekeela gogorarazi zion, geldialdi ekonomikoko negua, inflazio gaingabetuaren inpaktuagatik eta Ukrainako gerraren ziurgabetasunagatik.

Kreditura jo dute herritarrek

Mehatxuak mehatxu, herritarrek udari ekin diote, eta horretarako pandemia garaian metatutako aurrezkiak gastatu dituzte. Koltxoi horretaz baliatu dira orain arteko erosketak egiteko, eta horrek eman dio hauspoa ekonomiari orain arte. Berriz, inflazioak erosteko ahalmena ahuldu du. Kreditura ere jo dute herritarrek, eta hala adierazten dute hainbat adierazlek. Espainiako Gobernuak emandako datuen arabera, kredituak % 27 egin du gora maiatzean, aurreko urtearekin alderatuta. Familiei dagokienez, badira bi arrazoi kredituak eskatzeko. Alde batetik, badira aurrezkiak izanda ere, kredituak eskatzen dituzten familiak etorkizun batean etor litezken beharrei aurre egiteko aurrezki nahikoak izateko. Bestetik, badira kontsumoari aurre egiteko zorpetzea baino ez duten familiak, eta argi dute oporretan joan nahi dutela. Kontsumorako kredituak eta revolving txartelak, tasa oso altuak dituzten kontsumorako txartelak, berriro erabiltzen hasi dira. Revolving txartelen kasua oso adierazgarria da. Espainiako Bankuak zaintzapean ditu sortu dituzten arazoengatik. % 18ra heldu daitezkeen interes-tasak kobratzen dituzte, baina gero eta gehiago erabiltzen dira. Bankuak bildutako datuen arabera % 13 handitu da bere erabilera maiatzean, aurreko urtearekin alderatuta. Revolving txartelek, hilearen mugaegunean ordainketak egiten dituzten kreditu-txartelek ez bezala, aukera ematen dute horiek atzeratzeko, interesak sortzen dituzten hileko kuotetan ordaintzeko. Espainiako Bankuaren arabera maiatzean batez besteko tasa % 18,13koa izan da. Bezeroak ordaindutako saldoa, gainera, berriz ere kreditu bihurtzen da. Hortik dator revolving izena, eta kasu askotan irtenbide gabeko putzu bat bilatzen dira kontsumitzaileentzat. 

Jendeak kreditura jo du oporrak finantzatzeko. Revolving txartelek % 13 egin dute gora maiatzean

Finantza erakundetako arduradunekin hitz egin du EnpresaBIDEAk kontsumorako kredituen inguruan galdetzeko. 2022an finantzaketetan hazkundea izan da. Halaber, azken hilabeteotan kontsumo ondasunak erosteko baino, aisialdiarekin lotutako finantzaketak handitu dira. Merkatariek diote aurtengo merkealdian moteltzea igartzen hasi direla. Lehen asteak ondo joan badira ere, uztailean geldotzen ari da, aurreko urteekin alderatuta. Jendeak oporrak lehenetsi omen ditu ohiko erosketen aurrean. Pepe Álvarezek arrazoia omen du: etor liteken udazken ilunaren aurrean, jendeak udaren argitasuna nahiago omen du. Carpe Diem!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK