• LAN ETA BIZI
  • Aditu proiektuko parte-hartzaileek topaketa egin zuten atzo

Aditu proiektuko parte-hartzaileek topaketa egin zuten atzo

Elgoibarko Makina Erremintaren Museoan bildu ziren enpresei laguntza eskaini dieten erretiratutako adituak

Argazkia: AFM Cluster
Argazkia: AFM Cluster
2025eko irailaren 30a - 14:19

Aditu izeneko Senior Talenturako Plataforma martxoan jarri zuen martxan fabrikazio aurreratuko AFM klusterrak. Proiektuak helburu argia zuen: erretiroa hartu berri duten eta ezagutza handia duten pertsonak elkartzea, aholkularitza espezializatua behar duten enpresa industrialak lagun zitzaten. Klusterraren hitzetan, “enpresei proiektu zehatzak egiteko aukera emango dien ekimena da, erretiratu berri diren adituak kontratatuta”.

 

Proiektuak ondo funtzionatu du, atzo bertan, irailaren 29an, Aditun parte-hartu duten seniorren lehen topaketa egin baitzen, Elgoibarko Makina Erremintaren Museoan. Hitzorduan hogei pertsona baino gehiago elkartu ziren, eta gogoetak eta esperientziak partekatu zituzten. Horrez gain, Adituren proiektuak bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan zuten. Topaketaren amaieran, bisita gidatua egin zuen museoan zehar.

“Lehen deialdi horrekin, Adituk aurrerapauso garrantzitsua eman du EAEn talentu seniorra aktibatzeko erreferente gisa kokatzeko”, azaldu dute klusterrekoek. Aldi berean, gogorarazi dute oraindik ere izena eman daitekeela proiektuan, eta erretiratutako adituak animatu dituzte Aditun parte-hartzera.