Argazkilaritza, turismo eredu berria

Premium turismoa geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. Argazkilaritzarena horren adibide da. Aritz Atela argazkilariak gida lanak egiten ditu Islandiara argazkien bila doazen taldeentzako

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Bazen behin sudur bati itsatsitako gizona. Horrela idatzi zuen Quevedok XVII. mendean. Luis de Góngora idazle eta bere etsai amorratuari iseka egiteko idatzi zuen soneto famatu hura Quevedok. Sudurrari baino, beste gauza askori itsatsita bizi dira gaur egungo emakume eta gizonak. Gadgeten garai honetan gailu elektronikoen gatibu bihurtu garela ematen du. Baina bada turismoaz berba egitean ezinbestekoa dugun osagaia: argazki kamara. 

Argazki digitalen aroan bizi gara. Argazki-kameren prezio merkearekin eta sakeleko telefonoen garapenerakin argazkiak ateratzeko sukarra izugarri hedatu da. Turismoa eta bidaiatzeko zaletasuna ere puri-purian dabiltza gaur egun. Onerako zein txarrerako, egungo mugikortasun ereduek munduko edozein txoko eta bazter eskura jarri digute. Hainbeste jarraitzaile —agian follower esan beharko?— duten bi zaletasun horien arteko batasunak argazki-turismoari lotutako enpresa berrien sorrera sustatu du, eta negozio ildo bihurtu da.

Osa Johnson aitzindari

Esan liteke argazki turismoaren jatorriak emakumezko izena duela: Osa Johnson, dokumental etnografikoaren aitzindaria. Abenturazale, naturalista, idazle eta argazkilari estatubatuar hau Salomon Uharteetan, Borneon eta Afrikan barrena ibili zen ezagutzen zituen lekuetako indigenak eta fauna basatia filmatuz. Dokumental etnografikoaren aitzindaria izan zen. Simba 1927an Afrikan egindako lehen soinudun filma egin zuen bere bizipenetan oinarritua. Osa eta bere senarra, ehiza-safariak iritsi ez ziren leku baten bila zebiltzala, Kenya iparraldeko Paradisu lakua aurkitu zuten. Bertan lau urtez bizitzen aritu ziren. Bizipen horiek Lau urte paradisuan lanean bildu zituzten, George Eastman, Kodak konpainiaren jabeak finantzatutako lana. Argazki turismoaren jatorria izan da lan hori askorentzat.

Argazki turismoak abiadura hartu du azken urteotan. Teknologia bidaide izan du bilakaera horretan. Inoiz baino errazagoa da argazkiak editatzea, filtroak aplikatzea eta argiarekin jolastea. Erromantizismoa galdu du egungo argazkilaritzak batzuentzat. Beste batzuk, ordea, eskuragarriagoa dela uste dute. Argazki turismoa premium turismoen negozioan sartu da bete-betean, alegia, bidaiatzeaz gain, bestelako esperientzia eskaintzen duen turismo mota. Prezio altuko bidaiak izaten dira, talde txikientzako diseinatuak.

Osa eta bere senarra Kenya iparraldeko Paradisu lakua aurkitu zuten. Bertan lau urtez bizitzen aritu ziren eta 'Lau urte paradisuan' lanean bildu zituzten. Argazki turismoaren jatorria izan da lan hori askorentzat

Gaur egun argazki turismoan espezializatutako bidaia agentzia ugari daude munduan zehar. Badira Afrikako argazki safariak antolatzen dituzten agentziak, eta badira zerbitzu orokorragoak ematen dituztenak, munduan zehar bidaiatzeko aukera eskainiz. Action Photo Tours, Photo World Tours eta Namaste Photo Tours horien adibide dira.

Islandia. Argazkia: Aritz Atela

Islandiako paisaia. Argazkia: Aritz Atela

Azken honek, Namasate PhotoTours agentziak, esperientzia handia du argazki turismoaren alorrean. Juanra Noriega espainiarra da enpresaren sortzailea. Gaur egun New Yorken kokatutako konpainiak munduan zehar hainbat bidaia antolatzen ditu. Tanzania, Ladakh (Indiako Himalaian), Dolomitak (Italia), Islandia, Lofoten Uharteak (Zirkulu Artikoa), Etiopia... Planetaren inguruko argazki bidaia esklusiboetan espezializatuta dago, eta bidaia bakoitza esperientzia ahaztezina izateko lan egiten dute, "masa-turismotik urrun dauden eta argazki-kokapen paregabeak dituzten lekuetan" arreta jarrita. Bidaietarako nazioarteko izen handiko gidak bakarrik kontratatzen dituzte, munduko argazkilari onenetako batzuk barne.

Gida sondikoztarra

Aritz Atela Ayo sondikoztarra (Bizkaia) Namaste Photo Tourseko gidetako bat da. Natura eta bidai argazkilaria da. Eskarmentu handia du bidaietan. India, Norvegia, Costa Rica, Grezia, Filipinak eta Islandia bezalako herrialdeen nortasuna islatzen du bere argazkietan. EnpresaBIDEAri kontatu dionez "ezagutzen dudan toki guztietan argi puntu espezial horren atzetik nabil burubelarri". Olio margolari ohia izanik, argazkietara eraman ditu ikasitako teknika eta kontzeptu bisualak, konposizio gogor eta kreatibitate beteriko kolore jokuetan oinarrituz bere argazki estiloa. Argazkilari eta artista digitaltzat du bere burua. Aitarengandik jaso zuen argazkiekiko zaletasuna. Reflex kamara zuen haren aitak, eta argazkilaritzari buruzko entziklopedian buru belarri zebilen denbora guztian. Hainbat sari lortu ditu Atelak, besteak beste 2019ko EPSON etxearen Pano sarietako zilarrezko bi domina. Hedabideetarako kolaborazioak ere egin ditu. Jot Down aldizkariak Atelaren Gaztelugatxeko argazkia aukeratu zuen bere azalerako, eta Bao Bilbao aldizkarirako lan berezia egin zuen, Japoniarako edizio berezirako Atelari eskatu baizioten argazkiak egitea.

Aritz Atela argazkilaria

Aritz Atela argazkilaria

Lagun baten bitartez jaso zuen Namaste Photo Toursentzat lan egiteko aukera. Islandiarako bidaiak gidatu izan ditu Atelak orain arte. Maila ekonomiko altuko bidaiariek hartzen dute parte halako bidaietan, toki exotikoak ezagutu nahi dituztenak. Argazkiak egitea gustuko duten bezeroak dira, baina ez dira "profesionalak". Horrelako bidaietan, hamar lagun inguruko taldeak sortzen dira, eta bi argazkilari aritzen dira gida bezala. Ostatu eta garraioaz arduratzen badira ere, bidaiak berezi bihurtzen dituzte Atela bezalako argazkilari profesionalen ekarpenak. Argazki egokia hartzeko tokia eta argia ondo aukeratzen laguntzen die. Bezeroak behar izanez gero, laguntza pertsonalizatua ere ematen diete. Egunaren bukaeran saio didaktikoak ere antolatzen dituzte. Egunean zehar egindako argazkiak ikusi, aztertu eta teknikoki hobetzeko aholkuak ematen dizkiete. Esperientzia polita izaten da bezeroentzat eta askok errepikatu egiten dute.

Maila ekonomiko altuko bidaiariek hartzen dute parte halako bidaietan, toki exotikoak ezagutu nahi dituztenak. Argazkiak egitea gustuko duten bezeroak dira, baina ez dira "profesionalak"

Islandiari dagokionez, Atelaren hitzetan, "natura maite duen edozeinentzako ezinbesteko tokia da". Inon topatuko ezin den paisaia du Islandiak bere ustez. Azaroan eta abenduan bueltatzekoa da talde gehiagorekin. Beste helduleku batzuk ere baditu buruan: Toscana, Namibia...

Palmako sumendia. Argazkia: Aritz Atela

Palmako sumendia. Argazkia: Aritz Atela

 

Lanetik kanpo argazkiek munduan zehar bidaiatzeko aukera, edo aitzakia, eman diote sondikoztarrari. Palma uharteko sumendiaren erupzioak Lanzaroten harrapatu zuen. Argazki zalea den beste lagun batekin zegoen, eta zalantzarik ez zuten izan ferry bat hartu eta bertara joateko. Ahaztuko ez duen esperientzia izan zela dio. Ohituta zegoen Islandiako sumendiei argazkiak ateratzera. Palmakoa, ordea, ezberdina izan zen. Sumendiak sortutako dardarak eta soinuak ezin ditu oraindik ahaztu. Sumendia hirigune batean egoteak ere berezia egin zuen erupzioa.

Euskal Herria argazki turismorako helmuga

Euskal Herria argazki turismorako herrialde egokia dela uste du Atelak. Hiri paisaia fotogenikoa izateaz, gain naturaren ikuspegitik aberatsa da. Kontrastez betetako herrialdea dela uste du, eta aukerak ikusten ditu Euskal Herria ardatz hartuta bidaia espezializatuak antolatzeko. Buruan dauka Euskal Herrira argazki turismoaren eredua ekartzea eta lagun dituen argazkilariekin batera nola egin aztertzen ari da. Bardeak, kostaldea, hiriak.. Zer eskaini badagoela dio.

Badira Euskal Herrirako argazki bidaiak antolatzen dituzten konpainiak. Alventus enpresa andaluziarrak, esaterako, argazki turismorako eskaintza oparoa dauka. Portugal, Alpeak, Dolomitak, Aragoiko Pirinioak bezalako helmugak proposatzen ditu bere katalogoan eta Euskal Herria ere bai. Euskal kostaldeko geoparkea eta Omako basorako bisitak antolatzen dituzte, besteak beste. Zazpi eguneko bidaia da eta 950 euroko prezioa du. Egonaldiak prezio barruan badaude ere, Euskal Herrira etortzeko hegaldiak ez.

Euskal Herria argazki turismorako herrialde egokia dela uste du Atelak. Hiri paisaia fotogenikoa izateaz, gain naturaren ikuspegitik aberatsa da.

Itziar Zarandona Basquetour Turismoaren euskal agentziako arduradunak premium bidaien gorakada nabarmentzen du. Basquetourrek turismo mota horri propio bideratutako katalogoa atera du. Esperientzia bereziak eskaintzeko turismoa da, maila altuko turistak ekarriko dituena. Euskal Herria argazki turismoa egiteko toki aproposa iruditzen zaio baina, gaur-gaurkoz, agentziak ez du horretarako kanpainarik prestatu. Zarandonak EnpresaBIDEAri esan dionez, Basquetourrekin antolatu izan dira argazkiak ateratzeko bidaiak, baina nazioarteko komunikabideetako profesionalentzat egokitutako ibilbideak dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK