• LAN ETA BIZI
  • Arnasguneek hizkuntza gutxituen gainean duten garrantzia aztertuko da Azpeitian

Arnasguneek hizkuntza gutxituen gainean duten garrantzia aztertuko da Azpeitian

Urriaren 16 eta 17an egingo da nazioarteko konferentzia

Azpeitia | Argazkia: iStock
Azpeitia | Argazkia: iStock
2025eko maiatzaren 19a
Eg. 2025eko maiatzaren 19a

Arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritzean duten garrantzia aztertzeko konferentzia antolatu dute Azpeitian Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Soziolinguistika Klusterrak, Udako Euskal Unibertsitateak eta Coppieters Fundazioak. Urriaren 16 eta 17an bilduko dira Euskal Herriko ikertzaile eta adituak gaiari buruz hausnarketa egiteko, baina, horiek ez ezik, nazioarteko adituak ere bertaratuko dira: Eskoziatik, Galesetik, Kanadatik, Kataluniatik, baita Hego Tiroletik ere.

 

Bi egun horietan zehar bi helburu izango dituzte parte-hartzaileek: batetik, arnasguneek (euskal hiztun asko biltzen dituzten guneek) duten garrantzia aztertzea hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuetan; bestetik, etorkizunerako proposamenak partekatzea hizkuntza txikien egoera sendotzeko. Gauzak horrela, urriaren 16an goizeko 09:00etan hasiko da konferentzia, arratsaldeko 17:00ak aldera bitartean. Ostiralean 09:15 hasiko da jardunaldia, baina eguerdirako amaitutzat joko da.

Antolatzaileek azaldu dute arnasguneak “funtsezko espazio soziolinguistikoak” direla, eta hizkuntzen biziberritze prozesuetan “zeregin estrategikoa” dutela; horregatik, azpimarratu dute gune horiek “lehentasunezko arreta” behar dutela politika publikoetan.

 

Proiektuaren babesle dira Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Azpeitiko Udala, eta Europako Parlamentuaren laguntza ekonomikoa ere jaso du. Jada irekita dago izena emateko epea esteka honetan.