Arratsaldekoa: festaz gozatzeko beste modu bat

Gero eta negozio gehiagok arratsaldekoaren alde egin dute. Gaueko alternatiba gisa hasi zen fenomeno sozial horrek, aisialdirako eredu berria plazaratu du

Iruñean geroz eta ohitura handiagoa dago parranda arratsaldean egiteko | Argazkia: iStock
Iruñean geroz eta ohitura handiagoa dago parranda arratsaldean egiteko | Argazkia: iStock
IMG 0321
Kazetaria
2025eko abuztuaren 30a - 05:30

Arratsaldekoa edo "tardeo" bezala ezagutzen dena gaztelaniaz, aisialdirako ugaldu berri den eredua da, jai-giroa eta eguneko ordutegiaren erosotasuna uztartzen dituena. Bermuta eta gauaren arteko oreka perfektua; gaueko arima duen eguneko festa, non jendeak dantza egin eta zerbait har dezakeen, gizarte-esperientzia oso bat biziz, gauaz gozatzeko beharrik gabe.

 

Arratsaldekoaren onuren artean, ordutegi erosoagoak, higadura fisiko txikiagoa eta ingurune helduagoa eta seguruagoa daude; eta hori da, hain zuzen ere, bezeroak erakartzen dituena. Arratsaldekoak aukera ematen du tradizionalki hutsik egon diren ordu-tarteak errentagarri bihurtzeko, larunbat arratsaldea kasu. Aste barruan beste aukera bat ere zabaltzen da, afterwork formatuan ostegun bat gizarteratu baitezake, ostiraleko lanaldia baldintzatu gabe. Gainera, kontsumoa planifikatuagoa izaten da, eta, agian gauean bezain handia ez bada ere, iraunkorragoa eta kalitatezkoagoa izaten da.

2015tik arratsaldeko ekitaldiak antolatzen

Countdown Parties, hiru lagunek duela hamar urte sortutako enpresa da. Jaia profesionalizatzeko ideiarekin jaio zen, xehetasunez zaindutako kontzeptuekin eta publiko esklusiboarentzat hainbat ekitaldi eskaintzeko asmoz. Batez ere, Bilbon eta inguruetan aritzen dira, baina baita Donostian, Santanderren, Madrilen, Eivissan, Menorcan eta Formenteran ere.

 

2015ean sortu zen ideia, gaueko aisialdiaren eskaintza geldotzen ari zela ikusita. “Beti leku berdinetara ateratzen ari ginela iruditzen zitzaigun, eta ez genuela beti nahi genuen giroa aurkitzen”dio Ibon Costela Countdown Partieseko fundatzailetako batek. Gauzak horrela, urtezahar gaueko kotiloi bat antolatzea bururatu zitzaien. Uribitarteko New Bilbao areto zaharrak eman zien aukera hori. Festa arrakastatsua izan zen eta egun horretatik gaur arte etengabe hazi dira. “Bilbon “tardeoaren” aldeko apustu sendoa egiten lehenak izan garela jakinarazi dugun arren, historikoki eta gaur egun mota guztietako ekitaldiak egiten ditugu, ordu-tarte guztietan”, adierazi du Costelak.

Iruñeko arratsaldekoa

Iruñean ere sekulako indarra hartzen ari da aisialdi eredu hau. Baccara, esaterako, ez da taberna bat soilik, Los Planetas, The Cure edo Fangoriarekin hazi zirenen soinu-tenplua da. Baccarak indie espiritua eta elektronika dotorea berpizten ditu. Ostegun, ostiral eta larunbatetan, disko-taberna hori pista alternatibo bat bihurtzen da, arratsaldekoa ospatzeko.

Ibon Costela (Countdown Parties): “Ohituren egiturazko aldaketa bat dagoela uste dugu. Publiko helduak gero eta gehiago baloratzen ditu denbora, atsedena eta ongizatea”

Iruñean ere, Botánico aurki daiteke: oihaneko oasi bat, neoi berdeak, horma-irudi exotikoak eta XVII. mendeko kobazulo bat. Ingurune ezin hobean dago kokatuta arratsaldekoa ospatzeko. Ostegun eta ostiraletan 18:00etatik aurrera eta larunbatetan 17:00etatik aurrera, lorategi artifizial hori arratsaldea igarotzeko lekurik aproposena bihurtzen da.

Arratsaldeakoaren gakoak

Arratsaldekoaren gakoak ordutegi irisgarria, giro helduagoa eta zerbitzua eta esperientzia zaintzen duen ingurunea dira. Jendeak ondo pasatu nahi du, sozializatu, eta, aldi berean, igandea ez xahutu.

“Ohituren egiturazko aldaketa bat dagoela uste dugu. Publiko helduak gero eta gehiago baloratzen ditu denbora, atsedena eta ongizatea”, azaldu du Costelak. Arratsaldekoa ezin hobeto egokitzen da bizimodu berri horretara. Jada ez da moda: errealitate finkatua da, eta Costelaren aburuz, formatu hori geratzeko etorri da. Hala ere, belaunaldi gazteenek gaua hobesten dute oraindik; beraz, denboraren poderioz zer gertatzen den ikusi beharko da. Halaber, arratsaldekoa ezin hobeto bizi daiteke gaueko aisialdi tradizionalarekin, belaunaldi desberdinetara bideratuta baitaude.

IMG 1816
Andrea Donati, Ibon Costela eta Carlos Aguiriano, Countdown Parties enpresaren sortzaileak | Argazkia: utzita

Adin tarte desberdinetara bideratuta

Proiektua zerotik hasi zen, hasierako inbertsiorik gabe. Hiru lagunen lana eta denbora zen egin behar zuten inbertsiorik handiena. Zerbitzu-negozio hutsa da, eta, beraz, Costelaren arabera, errazagoa da ekitea. Denborak aurrera egin ahala eta zerbitzu gehiagori edo handiagoei aurre egin ondoren, inbertsioak egin dituzte soinu-material teknikoan, egituretan edota argiztapenean, eta, horrela, hornitzaile batzuengandik independizatu dira nolabait.

Countdown Partiseko bezero gehienak 30-35 urtekoak dira, baina jende gazteagoari eta helduagoari zuzendutako ekitaldiak ere egiten dituzte. Helburua beti izan da pertsona bakoitza, bere adina gorabehera, haien ekitaldietan eroso sentitzea. “Oro har, 45 urtetik gorakoek nahiago dute 25 urtetik gorakoekin ez egin topo, eta alderantziz. Beraz, adinaren araberako segmentazioa izan da gehien funtzionatu digun estrategietako bat”, esan du Costelak.

Leialtasun gero eta handiagoa

Arratsaldekoaren alde egiten duten geroz eta sustatzaile eta lokal gehiago aurki daitezke Euskal Herrian. Bada, desberdintasuna balio-proposamenean dago. Guk gure esentziari leial jarraitzen diogu, eta kalitate bera eskaintzen dugu, merkatuan bakarrik geundenean bezalaxe. Orain eskarien atzerapenak biderkatu badira ere, gure ikuspegia argia da: gutxiago gehiago da”, aldarrikatu du Costelak.

Epe luzera lan egin nahi dute Countdown Partieseko kideek. Horregatik, haien planarekin jarraitzeko asmoa dute; komunitatea ekitaldi desberdinez gozatzera eramanez, haientzat bakarrak edo berriak diren lekuetan. “Harritzea eta gero asetzea da gure ibilbide-orria”, dio Costelak.

Epe luzera, aldiz, beste hiri batzuetara hedatu nahiko lukete negozioa, Countdown Partiseko arropa eta merchandising lerroa jaurtitzearekin batera.