• LAN ETA BIZI
  • Artea eta komunitatea, biziberritzearen giltza Arbontzen

Artea eta komunitatea, biziberritzearen giltza Arbontzen

Ioana Hernandez zeramikagile iruindarrak Arbontzen martxan jarri duen esperientziak agerian uzten du arteak baduela tokia landa-ingurunean. Landarte Nafarroako herrien despopulatzeari aurre egiteko sortu zen, besteak beste

Zeramika tailerrak eskaintzen ditu Ioana Hernandezen Arbontzen | Argazkia: Leire Martinez
Zeramika tailerrak eskaintzen ditu Ioana Hernandezen Arbontzen | Argazkia: Leire Martinez
leire martinez
Kazetaria
2025eko urriaren 5a - 05:30

Nafarroako landa-eremuetan hondarreko hamarkadetan emandako despopulazioak ondorio sakonak utzi ditu. Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, Nafarroako 272 udalerrietatik %62k 500 biztanle baino gutxiago dituzte gaur egun, eta 40 herrik ehun biztanle ere gainditzen ez dituzte. Azken 50 urteetan, Pirinioetako haranetan eta Erdialdeko mendialdean herri aunitzek biztanleriaren erdia galdu dute, eta ondorioz, zerbitzuak desagertu, belaunaldien arteko transmisioa eten eta komunitatearen kohesioa ahulduz joan da. Testuinguru horretan, Landarte bezalako ekimenek biziraupenerako arnasa eta biziberritzerako aukera eskaini dute landa eremuan.

 

Landarte Nafarroako Gobernuak 2017an sortutako programa da, eta ordutik hainbat herritan garatu da. Helburua argia da: arte garaikidearen bidez landa-ingurunea aktibatzea. Gisa horretan, herritarrek sorkuntza-prozesuetan parte hartu eta kultura bizitzaren parte bihurtu da. Proiektua hilabeteetan luzatzen den elkarlan esperimentala da, eta aurten 50 biztanle soilik dituen Arbontze herrian, adibidez, Ioana Hernandez zeramikagile iruindarrak bertako biztanleekin eta hango lur eta buztinarekin egin du lan.

“Lurra hizkuntza bat da, eta guk entzuten ikasi behar dugu”

Hernandezek duela lau urte ireki zuen bere tailerra Iruñeko Arrotxapean. Hasierako urteetan artisautza eta pieza erabilgarrien ekoizpenean aritu bazen ere, laster ohartu zen bere benetako interesa bestelakoa zela: esperimentazioa eta harreman soziala. “Niretzat zeramikak ez du soilik objektuak sortzeko balio: elkarrizketa bat irekitzen du materialarekin, eta elkarrizketa horretan pertsonen ahotsak nahasten dira”, azaldu du.

 

Orain, Arbontzen, lurrarekin zuzenean ari da lanean herritarrekin batera. Leireko mendizerrako buztina hartu dute abiapuntu, lur-laginak bildu, koloreak eta testurak probatu, eta tailer parte-hartzaileak egin dituzte. “Iruñeko tailerrean ezin dut soilik lan egin; norbaiten eskua behar dut lurra deskubritzeko. Lurra hizkuntza bat da, eta guk entzuten ikasi behar dugu”, dio.

Ioana Hernandez: “Niretzat zeramikak ez du soilik objektuak sortzeko balio: elkarrizketa bat irekitzen du materialarekin, eta elkarrizketa horretan pertsonen ahotsak nahasten dira”

Artistak argi dauka emaitza fisikoa ez dela proiektuaren muina: “Ez dut soilik pieza bat egin nahi, une bat sortzea nahi dut; herritarrek euren artean eta lurrarekin lotura berriz sentiaraztea. Eskuak buztinarekin zikintzea ez da soilik artisautza: identitatea lantzea da, memoria piztea”.

Arbontzeko inpaktu soziala: komunitatea berriz elkartzea

Arbontzeren gisako herri txikiek azken urteetan isolamenduaren eta biztanleria galtzearen ondorioak pairatu dituzte. Gaur egun, haur gutxi daude, eta herriko espazioak —plaza, taberna edo frontoia— zati handi batean hutsik geratu dira. Hernandezen tailerrek, ordea, espazio horiek berriro aktibatu dituzte. Hainbat belaunaldietako herritarrak, kanpotik etorritako bisitariak eta artisauak elkartu dira, elkarrekin ikasteko eta sortzeko.

“Hemen, 70 urteko emakume batek eta 14 urteko gazte batek buztin bera hartu dute eskuetan. Horrek erakusten du komunitateak baduela arnasa, adin guztiek badutela zer ekarri”, azpimarratu du. Esperientzia horrek harreman berriak sortu ditu, eta herriko identitate kolektiboa indartu. Hori, epe luzera, funtsezkoa izan daiteke despopulatzea geldiarazteko: herrian bizitzeak berriz zentzua eta balioa hartzen duelako.

image5
Ioana Hernandezek antolatutako zeramika tailerreko hainbat lan | Argazkia: Leire Martinez

Ekonomiari bultzada: herria “mapan” jartzea

Proiektuaren inpaktua ez da soilik soziala. Tailerrek eta erakusketek bisitariak erakartzen dituzte, eta horrek tokiko ostalaritza eta merkataritza aktibatu ditu. Kultur ekimen berritzaile honek turismo kulturalaren atea ireki du, eta artisautzarekin lotutako ekimen berriak ere piztu daitezke. Hernandezek berak azaldu bezala: “Hemen egiten dena ez da soilik herrian geratzen: Arbontzen sortutako pieza batek Zentronikora, Iruñera edo beste herri batera bidaia dezake, eta horrek herria beste begirada batekin ikusarazten du”.

Gainera, herriak berak autoestimua irabazten du. Herritarrek ikusten dute beren lurra eta jakintza balioan jarri daitezkeela, eta horrek kohesioa indartzeaz gain, kanpora ere mezua zabaltzen du. Herri txiki batek ere gauza handiak sor ditzake.

Lurra, hizkuntza komuna eta etorkizunerako giltza

Arbontzen martxan jarri den esperientziak azalean uzten du arteak baduela tokia landa-ingurunean. Hernandezen hitzetan, “plaza herriaren eszenatoki izatea, elkar ukitzea eta elkar ikastea dira artearen indarra”.

Hernandezena ez da tailer soil bat; lurrarekin eta pertsonen artean sortzen den elkarrizketa da, horren bidez artea bizipen komun eta eraldatzaile bihurtzen da

Landarteren filosofia horrekin bat dator eta emaitzari baino gehiago prozesuari garrantzia ematea du helburu, eta sorkuntza kolektiboa sustatzea. Hernandezena ez da tailer soil bat; lurrarekin eta pertsonen artean sortzen den elkarrizketa da, horren bidez artea bizipen komun eta eraldatzaile bihurtzen da.

Hortaz, artea ez da objektu batean bukatzen den esperientzia baizik eta, prozesu partekatu batean bizi da. Eta Arbontzen, lurra bera bihurtu da hizkuntza komuna, eskuekin ikusten eta ikasteko gonbita egin du Landartek. Horrela, herri txiki baten etorkizun sozial eta ekonomikoari bultzada berria eman zaio, despopulatzeak markatutako errealitateari alternatiba sormen eta bizigarri bat eskainiz.