• LAN ETA BIZI
  • Arturo Villanueva (Biba Ardoak): "Hobe ehunka etxalde txiki handi gutxi batzuk baino"

Arturo Villanueva (Biba Ardoak): "Hobe ehunka etxalde txiki handi gutxi batzuk baino"

Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Biba Ardoak, ekonomia sozial eraldatzailean sustraitua eta elikadura burujabetza oinarri duena. Euskal Herriko mahastizain txikien ardo ekologikoak banatzeaz arduratzen da. Ardoaren kontrakulturaz eta proiektuaren erronkez mintzatu da Villanueva

Biba Ardoak kooperatibako zuzendari komertziala da Vilanueva | Argazkia: utzita
Biba Ardoak kooperatibako zuzendari komertziala da Vilanueva | Argazkia: utzita
image0(1)
Kazetaria
2025eko urriaren 11a - 05:30
Eg. 2025eko urriaren 13a - 11:13

Kontsumo arduratsua eta eredu kooperatiboak lekua irabazten ari dira gure gizartean, eta mundu horretan, Biba Ardoak erreferente bilakatu da. Euskal Herriko ardo ekologiko, natural eta biodinamikoen banaketaz arduratzen den kooperatibak ekoizle txikien eta kontsumitzaile kontzienteen arteko zubi gisa jokatzen du, prezio justuak, gardentasuna eta lurraldearekiko lotura zuzena bermatuta. Sektorearen bilakaera, klima aldaketak ekoizpenean dituen ondorioak, ekonomia kooperatiboa mantentzeko erronkak eta ardoaren kultura ulertzeko modu berriei buruz hitz egin du EnpresaBIDEAk Arturo Villanuevarekin, Biba Ardoakeko zuzendari komertzialarekin.

 

Zein zonalde eta upategitatik datoz banatzen dituzuen ardoak, eta zein irizpide jarraitzen dituzue horiek hautatzeko? 

Ardo guztiak Euskal Herrikoak dira: Mauletik Gordexolara, Beizamatik Kasedara eta Guardiatik Irulegira. Hori da gure kooperatiban parte hartzeko baldintzetako bat. Gainera ardoak mahastizain-ardogileek eginak izan behar dira, hau da, mahastia lantzen dutenak eta, aldi berean, haien mahatsekin ardoak ekoizten dutenenak. Honek, nortasuna ematen die ardoei. Etxalde txikiak dira gureak, kalitatea lehenesten dutenak, eta sortzen duten aberastasuna herrian bertan geratzen da. Guk esaten dugun legez: hobe ehunka txiki handi gutxi batzuk baino.

 

Nekazaritza ekologikoan aritu behar dira eta ardoek ziurtagiri ekologikoa izan behar dute. Horrela, gure bezeroei eta gure ardoak edaten dituztenei ziurtatzen diegu gure bazkideen mahasti eta upategietan ez direla produktu fitosanitarioak (fungizidak, herbizidak, pestizidak...) sartzen. Ikuspegi agroekologikoa gure kooperatibaren oinarrian dago. Bizitza eta pertsonak erdian jartzen ditugu.

Zer helarazi dizuete upategiek aurtengo mahats-bilketaren inguruan? Nola eragin dezake zuen banaketa-jardueran? 

Oso urte zaila izan da. Udaberri euritsuak loratzea oztopatu du, udako bero kolpeek mahats-mordoak erre dituzte eta lehortea ere izan da leku batzuetan. Irunberrin, adibidez, ekaitz bortitzek gure bazkideen mahasti guztiak suntsitu dituzte. Beste urteetan baino gutxiago bildu dugun arren, kalitatea oso ona izan da.

Klima aldaketaren zer ondorio nabaritzen dituzue lankidetzan ari zareten ekoizleen bidez? 

Urtetik urtera gero eta nabarmenagoa da. Zaila da aurreikustea nolakoa izango den urtaro bakoitza. Izan ere, ikusten ez diren fenomenoak gertatzen ari dira. Gure herrialdea txikia izanik ere oso alde handiak daude Beizama batetik (1600mm euri urtean) eta Bardeen iparraldean dagoen Kaseda baten artean (300mm normalean, aurten hori baino gutxiago).

"Zaila da aurreikustea nolakoa izango den urtaro bakoitza. Izan ere, ikusten ez diren fenomenoak gertatzen ari dira"

Dena den, alde atlantikoan klima eta orografiarengatik askoz zailagoa da mahastia modu ekologikoan lantzea eta horrek bere eragina du prezioan. Horrez gain, Mildiu onddoak gure mahastizainen lana izugarri zailtzen du, eta urtero galera handiak pairatzen dituzte. Urte batzuetan oso botila gutxi ekoizten dituzte.

Nola laguntzen diezue upategi bazkideei ziurgabetasun klimatiko eta ekonomiko handiagoko testuinguru batean? 

Biba Ardoak 2019an sortu genuenetik argi genuen mahastizainon proiektuak bideragarriak eta bizigarriak izaten laguntzeko tresna izan behar genuela. Aurreikusten genituen krisi sistemikoen aurrean tresna erresiliente bat sortu nahi genuen, eta Euskal Herrian merkatu bat sortu gure ardoentzat. Helburu horrekin sortu zen Biba Ardoak: euskal mahastizainen ardo ekologikoak lurraldean saltzeko kooperatiba. Paradoxikoa bada ere, gure mahastizainentzako errazagoa zen kanpoan saltzea etxean baino. Horregatik, sentitzen genuen merkatua birtokiratu eta zeuden baldintzak hobetzen lagundu behar genuela.

Zer erronka dituzue upategiei prezio justuak ordaintzearen eta kontsumitzailearentzako ardo eskuragarriak eskaintzearen arteko oreka mantentzeko? 

Gure bazkideek erabakitzen dituzte haien ardoen prezioak. Kooperatibak bere egitura eta lanak aurrera eramateko eta lehiakorra izateko behar dituen marjinak ezartzen ditu. Irabazi-asmorik gabeko kooperatiba bat gara. Finean, gure bazkideei eta bezeroei, merkaturatze eta banaketa zerbitzuak eskaintzen dizkiegu. Gure bigarren helburua ardo kultura berria sustatzea da, bizia, osasuntsua eta herrikoia. Hor ere egiten dugu lan kalitateko ardoak denen eskura izan daitezen.

"Ekonomia sozial eraldatzailean, elikadura burujabetzan eta agroekologian oinarrituta lan egiten dugu, horiek dira gidatzen gaituzten printzipioak, eta ildo horretan gure kooperatiba gizarte eraldaketarako tresna gisa ikusten dugu"

Nola hartzen dituzue erabakiak kooperatiban? Eta zer alde dituzue banatzaile konbentzional batekin? 

Proiektu berritzailea izan da gurea. Orain arte ez da inoiz egon Euskal Herri osokoa, nazionala, eta ekoizleen eskutan den ardo banaketa enpresarik, are gutxiago bertan parte hartzeko ezartzen ditugun baldintzekin. Erabakiak mahastizainek hartzen dituzte era demokratikoan. Horrez gain, bazkide langileak eta kolaboratzaileak ere baditugu.

Ekonomia sozial eraldatzailean, elikadura burujabetzan eta agroekologian oinarrituta lan egiten dugu, horiek dira gidatzen gaituzten printzipioak, eta ildo horretan gure kooperatiba gizarte eraldaketarako tresna gisa ikusten dugu. Horregatik, harreman zuzenak ditugu arlo horietan kokatzen diren beste kooperatiba, erakunde eta herri mugimenduekin.

WhatsApp Image 2025 10 08 at 09.05.36 (1)
Biba Ardoak kooperatiban erabakiak mahastizainek hartzen dituzte era demokratikoan | Argazkia: utzita

Euskal Herrian ardo ekologiko, natural eta biodinamikoen eskaria hazi egin dela ikusten duzue? Aldatu al da kontsumitzailearen profila? 

Bai, ez dago zalantzarik eta argi ikusi dugu kooperatiba sortu genuenetik. Hala ere, egoera ez da berdina Euskal Herriko eskualdeen artean. Lapurdi da aurreratuen dagoen herrialdea, baina emeki-emeki urrats nabarmenak ematen ari dira beste eskualdeetan, Donostialdean, adibidez.

Pandemia garaian tokikoa eta ekologikoa kontsumitzeko kontzientzia piztu zen arren, ez du espero genuen garapena izan. Argi genuen ardoaren munduan gertatzen ari zen iraultza hori, ardo ekologikoa eta naturalaren iraultza hori, Euskal Herrian bertan ere egituratu behar genuela.

"Kontrakultura moduko bat sortu da ardo naturalen inguruan, eta, horri esker, zubiak sortu dira landa eremuko eta hiriko gazteen artean"

Zer zailtasun dituzue banatzaile edo supermerkatu handiekin lehiatzeko? 

Oraindik nahiko genukeena baina txikiagoak gara, baliabideak falta zaizkigu lurralde osoko txokoetara heltzeko. Potentziala hor dagoela ikusten dugu, eta, alde horretatik, barne hausnarketa estrategikoa garatzeko prozesua abiatu dugu.

Ba al dago interesik belaunaldi berriak ardora ikuspegi kontzienteago eta jasangarriago batetik hurbiltzeko? 

Mundu mailan azken hamar urteetan gertatzen ari dena hurbiletik jarraitzen dugu, eta Europa eta AEBko hiri nagusietan belaunaldi gazteak berriro ardo naturalera hurbiltzen ari direla ikusi dugu. Moda bezala aurkeztua izan da, baina sakoneko mugimendua da. Gazteek kontzientzia handiagoa dute klima aldaketaro eta ekologiari buruz. Kontrakultura moduko bat sortu da ardo naturalen inguruan, eta, horri esker, zubiak sortu dira landa eremuko eta hiriko gazteen artean.

Zein dira Biba Ardoak kooperatibaren hurrengo urratsak? Hazi nahi duzue, produktuak dibertsifikatu, Biba Azoka bezalako azokak indartu...? 

Biba Ardoak bezalako proiektuak beharrezkoak direla uste dugu, horiek sustatzen jarraitu behar dira. Gure salmenta sare profesionala zabaltzen eta indartzen jarraitu behar dugu gure ikuspegi kooperatiboa partekatzen dutenekin eta aliantzak sortu elikadura burujabetzaren alde ari direnekin. Herritarrengana zuzenean heltzeko ahaleginak egiten jarraitu behar dugu, orain arte egindako lanak oso harrera ona izan duelako.