Autokarabana eta furgoneta kanperizatuak: modaz haratago

Negozio aukera handia ematen du autokarabanen eta furgoneten kanperizatuaren munduak. Azken urteotan gorantz joan bada ere, matrikulazioek goia jo zuten 2019an

Argazkia: Fur&Go Argazkia: Fur&Go

Garai berriak datoz. Duela gutxi arte benetako euskalduna izateko mendiko arropa jantzi beharra bazegoen, orain fugoneteroa izatea omen da gure izaeraren marka berria. Hori diote estatistikek. Espainiako estatuan, EAE da furgoneta kanperizatuak edo kanperrak gehien saltzen dituen bigarren erkidegoa, Katalunia ondoren. Autokarabanen kasuan hirugarren postua du EAEk. 

1.018 autokarabana eta kanper matrikulatu ziren Hego Euskal Herrian 2021ean. Azken urteotan matrikulazioek gora egin badute ere, 2019an jo zuten goia. Urte horretan 1.109 kanper eta autokarabana matrikulatu ziren, ibilgailu guztien % 2,10. Matrikulazioetan jaitsiera egon bada ere, kanper eta autokarabanek merkatu kuota irabazi dute. Izan ere, 2021ean portzentaia % 3,18ra igo da. 

Txema Sáncehz Autocaravanas Norteko gerentea da. Enpresa familiarra da, 2006an jaioa. Sánchezek EnpresaBIDEAri kontatu dionez, "kasualitatez" sortu zuen enpresa. Ibilgailuen enpresa zuten, eta lagun batek autokarabana bat lortzeko eskatu zien. Gerora eskari gehiago etorri ziren, eta negozio aukera ikusi zuten. Europan autokarabana eta kanperren alorra oso hedatuta zegoenez, Euskal Herrian ere hazi behar zela uste zuten. Sánchezek nabarmendu duenez, " 2019an Espainian horrelako 9.000 ibilgailu saldu ziren bitartean, Frantzian 38.000 izan ziren, eta Alemanian 80.000". Aldea nabaria da eta, hein handi batean, kulturala da. "Jendeak uste zuen autokarabana erosten zutenek dirua aurrezteko egiten zutela, baina kontuak eginda hotel batera joatea baino garestiagoa da", azaldu du. Argi du, hortaz, "hautu bat dela, jendeak nahita egiten duena".

1.018 autokarabana eta kanper matrikulatu ziren Hego Euskal Herrian 2021ean. Azken urteotan matrikulazioek gora egin badute ere, 2019an jo zuten goia

2021ean salmentek behera egin dute, eta 2022an joera mantentzen ari da. Hornidura kateetan izandako arazoek eskaintza murriztu dute, eta prezioak igo. Azken sei hilabeteetan prezioek % 14 egin dute gora. Autokarabana berri baten prezioa 60.000 eurotik gora dago, eta halako prezio igoerek asko suposatzen dute. Horrez gain, matrikulazio zerga ere badago, portzentuala dena. Eskaria zertxobait moteldu bada ere, baikortasunez begiratzen diote udako sasoiari, normalean eskaria eskaintza baino handiagoa delako. Enpresa sendoa da. Duela zortzi urte Malagan delegazio bat ireki zuetan, eta duela hiru Lleidan. Guztira 65 langile ari dira bertan lanean. 

Autocaranvanas Nortek hainbat proposamen eskaintzen ditu, baina egun hauetan aukera anitz erosi eta alokatzeko aukera eskainiko du Caravantur azokaren seigarren edizioak, Ficoban (Irunen, Gipuzkoan) egiten ari dena. Atzo hasi eta bihar bukatuko da. Bertan, autokarabanak ez ezik, kanper, furgoneta eta caravaningeko osagarrien erakusketa zabala ere izango da.

Furgoneten kanperizazioa

Autokarabanen prezio altuen alternatiba furgoneta kanperizatuak dira. Hala ere, hauek ere ez dira merkeak. Volkswagen California eta Mercedes Marco Polo dira ezagunenak. Bertsio ezberdinak daude eta prezioak ekipamenduaren araberakoak dira. Bertsiorik xumeenak 47.500 euroko prezioa du Californiaren kasuan, eta 52.882 euro Marco Poloren kasuan. 

Prezio altu horiek ordaindu ezin (edo nahi ez) dutenek, badituzte beste aukera batzuk. Bigarren eskuko merkatu oso zabala dago, bertan erosita edo kanpotik ekarrita. Zama lanetarako oinarrizko furgoneta erosi, eta kanperizatzea da beste aukera. Euskal Herrian kanperizazio lanak egiten dituzten tailer asko dira. Bigarren bateria jarri, ohea jarri, harrikoa jarri... Aukerak nahi beste dira. Uda hurbildu ahala, lanez lepo egoten dira tailerrak.

Autokarabanen prezio altuen alternatiba furgoneta kanperizatuak dira. Hala ere, hauek ere ez dira merkeak. Volkswagen California eta Mercedes Marco Polo dira ezagunenak

EnpresaBIDEAn bi aukerak aztertu ditugu norberak ondorioak ateratzeko, alegia, enpresa profesional baten kasua, eta pertsona batek bere eskuz egindakoa. Diruan alde nabaria egon daiteke, baina denbora behar da, baita trebea izan ere.

Andoni Urizar Aranguren Eskoriatzako (Gipuzkoa)  Fur&Goko gerentea da, geldi egon ezinik ibiltzen den pertsona horietako bat da. Aipal aluminio enpresako kidea da, non aluminiozko perfilak erabiltzen dituzten instalazio industrialak egiteko. Autokarabana eta furgonetazalea ere izan da betidanik, baina oso mundu garestia zela iruditzen zitzaion —eta iruditzen zaio— . Pandemia garaian, lantegia erdi itxita zuela aprobetxatuz, buruan aspalditik zuen ideiari forma eman zion. Enpresa furgoneta industrialak erabiltzen zituztenez, eta esperimentatzeko aukera ikusi zuen.

Fur&Go moduloaren montaketa

Fur&Go moduloaren montaketa. Argazkia: Fur&Go

Ofizina teknikoko lankideekin montatzeko erraza eta erosoa zen egitura diseinatu zuten. Tamaina handiko furgonetentzako egiturak dira, hain zuzen ere. Modulo bakar batean harraska (ur gabia eta zikina), berogailua, hozkailua, armairuak, ohe handia eta ohe txiki tolesgarria integratu dituzte. Muntaketa oso erraza da. Bost minututan instalatu daiteke. Gainera, Ibilgailuen Azterketa Teknikoari begira, zama bezala kontsideratzen da. Hau da, ez da ainguratu behar eta, hortaz, ez da homologatu behar. Moduluaren prezioa (koltxoia eta guzti) 7.630 eurokoa da. Neurrira egiteko aukera ere badago. Izan ere, sistemak Volkswagen Multivan eta Mercedes Viano furgonetentzat ez du balio. Kasu hauetan neurrirako altzariak diseinatzen dituzte. Batez ere Valentzia aldetik ari dira enkarguak jasotzen, eta Euskal Herritik hainbat lagun hurbildu da sistema ezagutzera.

Norberak egitea: trebea izan behar

Jon Ander Perezek aspalditik zuen furgo kanperizatua izateko gogoa. Hain zuzen, Australian argazkilari ibili zen lanean kanperrak alokatzen zituen enpresa batentzako. Melbourneko kostaldetik hainbat txango egin zituen argazkiak ataratzeko, eta hor sortu zitzaion furgonetarako zaletasuna. Euskal Herrira bueltatzean, dirua aurreztu eta furgoneta erostea erabaki zuen, lagunek animatuta, eskalada baitu gustuko. Aurrekontuak bigarren eskuko ibilgailu bat erosteko baino ez zion ematen. Volkswagen T4 Multivan bat erosi zuen Bartzelonan. 230.000 km zituen eginak, eta 9.500 euro ordaindu zituen. Furgoneta erostean azterketa osoa egin zuen tailerrean. Bigarren bateria eta berogailua ere jarri zioten konfiantzazko tailer batean. Gainerako lanak berak egin ditu.

Lagunei galdetuta, eta Interneteko foroak eta Youtubeko kanalak arakatuta lortu zuen informazio gehiena. Perezek argi zuen osorik kanperizatu nahi zuela bere furgoneta. Aurreko aldea utzi zuen eta atzeko dena hustu egin zuen. Praktikoa izateaz gain, estetikoki polita ere nahi zuen furgoneta. Sukaldea atzeko partean jarri du, atea irekita kozinatu ahal izateko. Harraskarako instalazioa berak egin du, baita barruko zapaia eta zorua ere. Egurrezko zorua jarri du bertan altzariak finkatzeko, binilikoa.

Jon Ander Perez bilbotarra otsailean hasi zen kanperizatzen, eta hilabete eta erdi barru bukatzea espero du. Pozik dago esperientziarekin, halako gauzetan ibiltzea gustuko duelako

Otsailean hasi zen kanperizatzen, eta hilabete eta erdi barru bukatzea espero du. Pozik dago esperientziarekin, halako gauzetan ibiltzea gustuko duelako. Hala ere, lanak bukatzean egindakoa homologatu behar du, eta horrek 500 euro inguru balio du. Materialak interneteko denda espezializatuetan erosi ditu. Kanperizatzen 5.000 euro inguru gastatu ditu. Gustura gelditzen ari da egindako lanarekin. Gainera, kanperizazio enpresa batzuetan aurrekontuak eskatu zituen, eta badaki dirua aurreztu duela. Lana eta denbora eman du furgonetan, baina asko ikasi duela dio, eta gustora egin duela.

Jon Anderrek bere kanperizazio prozesu osoa Instagramen eskegi du (ausarta.visuals). Bere bideoetan ederki ikusten da egin dituen aurrerapenak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK