Azukrea, luxuzko osagaia

Azukrea inoizko preziorik altuenean dago, %27 igo da bere kostua azken hilabetean, eta %43 urtebetean. Pandemia, petrolioaren garestitzea, eta erremolatxaren ekoizpen txikia izan dira errudun nagusiak; gozogintza, berriz, prezioen igoeraren ondorioz gehien kaltetutako sektoreetako bat izan da

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Gabonetarako hilabete eskasen faltan, supermerkatu eta saltokiak hasi dira jada apaingarriekin eta egun horietako produktuen salmentarekin. Badira, bereziki, eguberriekin lotuta dauden zenbait elikagai ere, turroiak, polboroiak edota errege-opila, kasu. Beste osagai batzuk ere bai, baina bat dute bereziki amankomunean: azukrea. Hala ere, merkatuko produkturik gozoenak azken hilabetean zapore garratza utzi die kontsumitzaileei, azukrearen prezioa ikaragarri puztu baita. Noski, gozogileen sektorea da gehien kaltetutakoetako bat eta beraiekin hitz egin nahi izan dugu EnpresaBIDEAn, bizi duten egoeraz gehiago jakiteko.

Gozogileak: “Arrautzaren, irinaren, esnearen, olioaren, gurinaren eta esnegainaren prezioak ikaragarri hazi dira… argindarrarena ahaztu gabe, eta orain azukrea ere bai. Noiz arte iraungo du honek?”

Nekazaritza Ministerioak jakinarazitako azken datuen arabera, 1,26 milioi tona azukre kontsumitzen da urtero Espainian, izan pastel, gaileta, txokolate edota zenbait edaritan. Zer esanik ez eguberrietan. Azken hilabeteetako gertaerek, ordea, inflazioaren igoera ekarri dute eta azukrearen prezioa duela hilabete baino %27 garestiagoa da orain. Urte arteko datuei erreparatuz gero, berriz, azukrearen prezioa urtebetean %43 igo dela ikus dezakegu. Espainiako Estatistika Institutuak azaldu duenez, inflazio hori pandemiaren, petrolioaren garestitzearen eta erremolatxaren uzta txikiagoaren ondorio da. Kontuak kontu, gozogintza izan da prezio igoera hori gehien nabaritu duen sektoreetako bat, eta halaxe diote gozogileek: “Arrautzaren, irinaren, esnearen, olioaren, gurinaren eta esnegainaren prezioak ikaragarri hazi dira… argindarrarena ahaztu gabe, eta orain azukrea ere bai. Noiz arte iraungo du honek?”. Galdera horixe da euskal gozogileen kezka-iturri nagusienetarikoa, batez ere, gozoak “lehengo prezio berean” saltzen ari direlako eta hala “dirua galtzen” ari direlako. “Pandemia hasi zenetik burua ezin altxata gabiltza. Azken prezio igoerekin hilero 3.000 eurotik gorako gastuak izatera iritsi gara”, adierazi dute kezkaz.

“Pandemia hasi zenetik burua ezin altxata gabiltza. Azken prezio igoerekin hilero 3.000 eurotik gorako gastuak izatera iritsi gara”

Hala ere, eta eguberrien atarian izanda, gozogintzarako urteko garairik onenean “kalitatezko gozoak” eskaintzen jarraituko dutela agindu dute. Salmentei dagokienean, “egun oso onak” izaten direla adierazi dute eta bereziki arrakasta handiena duten gozoak zeintzuk diren galdetuta argi dute: “Beti dago gozo berriak probatzea gustuko duen jendea, baina, orokorrean betikoak gehiago saltzen dira, turroi biguna eta gogorra, txokolatezkoa, polboroi tradizionala, mazapanak eta errege egunez, kremazko errege opila. Azukrea gustora jaten da”. Kezka nagusi, baina produktu izarra egun horietarako bermatuta dutenez, esperantzarako egunak datoz gozogileentzat ere.

Prezio igoeraren atzean dagoena

Azukrearen prezioaren igoera elikagaiek orokorrean izan dutenaren hirukoitza izan da, marka guztiak hautsita. Pandemiak bere eragina izan du, erremolatxaren uzta kaxkarragoek ere bai, eta petrolioaren prezioen igoeraren ondorioz munduko ekoizle nagusietako batzuk esportazioak mugatu izanak ere izan du zerikusia, eskaintza jaitsiera nabarmena izan baita.

Uztari lotuta, erremolatxa ekoizleek adierazi dute, alde batetik, Errusiak Ukraina inbaditu izanak, eta bestetik, gasaren garestitzearen ondorioz azken hilabeteetan kostuak igo izanak, asko zaildu diela egoera. “Landarea zaintzeko beharrezkoak diren produktuak %30 garestiago dira, eta ongarritze kostuak ere izugarri igo dira. Lehen 350 euroan zeuden eta orain 1.000 euro ordaindu behar izaten ditugu. Ureztatzeko faktura elektrikoa ere hirukoiztu egin da”, diote.  Horri, ekoizle eta kontsumitzaileek erremolatxaren kostuarekin dituzten tirabirak gehitu behar zaizkio eta baita azken hilabeteetan izan den euri falta ere. Faktore guztiak batuta, erremolatxa gutxiago izan da aurten eta, ondorioz, azukrea ere bai.

Erremolatxa ekoizleak: “Landarea zaintzeko beharrezkoak diren produktuak %30 garestiago dira, eta ongarritze kostuak ere izugarri igo dira. Lehen 350 euroan zeuden eta orain 1.000 euro ordaindu behar izaten ditugu. Ureztatzeko faktura elektrikoa ere hirukoiztu egin da”

Arazoak arazo, adituak bat datoz esatean, energiaren prezioa merkatuz doan heinean azukrearen eskaintza handituz gero, bere prezio igoerak arindu egin daitezkeela. Hala ere, momentuz, inoizko preziorik altuenean denean, luxuzko produktu bilakatu da azukrea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK